Donostiako Zinemaldiak urtero uzten du arrastoa eskualdez eskualde, eta 70. edizioa ez da salbuespena izango. Gaur bertan, esaterako, Itziar Aizpuru aktore getariarra Zinemira sailean izango da El Vasco filma aurkezten pelikula horretako zuzendariarekin eta beste aktoreekin batera.
Telmo Irureta zumaiarrak ere egingo du sartu-irtena Zinemaldian, La consagracion de la primavera lanarekin, baita Xanti Agirrezabalaga azpeitiarrak ere, jaialdian erakutsiko duten Cuerdas film laburrean parte hartu baitu. Gaur 22:00etan emango dute filma, Tabakalerako lehen aretoan.
Eskualdeko aktore eta profesional gehiago ere izango da Zinemaldian; kamera aurrean ez ezik, baita kamera atzean ere, nahiz antolakuntza lanetan. Eta, nola ez, ikusle paperean ere herritar andana joango da egunotan Donostia aldera, ez baitago Zinemaldirik zinemazalerik gabe.
Telmo Irureta: "Neure burua ikusi nuen La consagracion de la primavera filmeko pertsonaian"
Telmo Irureta aktore zumaiarra. (Juan Luis Romatet)La consagracion de la primavera filma estreinatuko du Fernando Franco zinemagileak datorren astean Donostiako Zinemaldian. Valeria Sorolla, Emma Suarez eta Telmo Irureta (Zumaia, 1989) dira protagonistak, eta zumaiarra antzerkigintzan eta telebistan sarritan aritu izan den arren, hau du bere lehen film luzea. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean erakutsiko dute asteazkenean, eta urrezko maskorrerako hautagaietako bat da. Daviden gorputzean sartu da Irureta, garun paralisia duen mutila.
Zinemaldian parte hartuko duzu, lehiaketan gainera. Ari al zara nerbioak sumatzen?
Ilusioa dut, publikoak zer-nolako harrera egiten dion ikusteko gogoa dut. Filma ikusita daukat, baina emanaldi teknikoa izan zen; muntaia erabat bukatu gabe zegoen, konponketa batzuk egitekoak ziren. Gustatu zitzaidan, baina bigarren aldiz ikusteko gogoa dut. Izan ere, neure burua lehenengo aldiz ikusten dudanean tentsioan egoten naiz; nire buruarekiko nahiko kritikoa izaten naiz. Bigarren emanaldian, baina, lasaiago egongo naiz.
Zeure buruarekin kritikoa zarela diozu. Nola ikusi duzu zure lana?
Nahiko ondo, ez naiz desatsegina agertzen! Hori asko da niretzat.
Nola heldu zitzaizun pelikula honetan lan egiteko aukera?
Pelikularako castinga egingo zutela ikusi nuen. Garun paralisia zuen norbait behar zuten, eta bide desberdinetatik heldu zitzaidan iragarkia. Bideo dei bidez zuzendariarekin eta castingeko arduradunekin hitz egin nuen lehenbizi; elkar ezagutzeko aukera izan zen deia. Galbahe bat pasatu ondoren, castingeko bi saio egin nituen, bigarrena Madrilen. Azkenean, ni aukeratu nindutela esan zidaten.
Fernando Franco zuzendariarekin egin duzu lan. Haren filmak ezagutzen al zenituen?
Ez nuen haren lana ezagutzen, baina gero zer estilo duen ikusteko bere lanak bidali egin zizkidan, eta gustatu zitzaizkidan. Film nahiko ilunak dira, eta norbaitek esan zuen, agian Francok berak, La consagracion de la primavera-k argi pixka bat gehiago duela. Filmak umore puntuak ere baditu.
Nola joan zen errodajea?
Madrilen izan nuen errodajea, bi astez. Oso ondo joan zen, polita izan zen. Aurretik entsegu batzuk egin genituen, filmatzeko dena prest izateko. Otsailaren amaiera aldera hasi genuen errodajea, eta martxorako bukatu genuen. Tira, hori nik; beste aktoreek jarraitu egin zuten.
Nola definitzen duzu zure pertsonaia?
Pertsonaia nolakoa zen ikusi nuenean, pentsatu nuen: ui, hau ni naiz. Neure burua ikusi nuen pertsonaian. Hori aldeko zerbait izan nuen castingean. Nireak ez diren puntu batzuk ere baditu pertsonaiak, eta nik ere baditut hark ez dituen puntuak, baina nahiko antzerakoak gara. Biok dugu umore beltza, eta pentsatu izan nuen planteamendua nik idatzi nuela ere.
Pertsonaiaren trataera dagoeneko eginda etorri zitzaizun, edo izan zenuen aldaketaren bat txertatzeko aukera? Izan dut zerbait aldatzeko aukera, baina ez da behar izan. Esalditxo bat kendu nion, baina beste guztia ondo zegoen. Beraz, gaia sentsibilitatearekin landu dute.
Bai, niri asko gustatu zait, eta uste dut publikoari ere gustatuko zaiola.
Emma Suarez aktorearekin egin duzu lan, besteak beste; Espainiako zinemagintzako izen garrantzitsua da. Hori ere gehigarri bat izango zen zuretzako.
Oso ondo moldatu gara, feeling berezia izan dugu. Nire amaren papera egiten du filmean, eta nirekin harremanetan jarri nahi izan zuen elkar ezagutzeko, ama eta semearen arteko feeling hori lantzeko. Whatsappez asko hitz egin genuen, baita Instagramez ere. Grabazioekin hasi aurretik elkarrekin bazkaldu genuen, nire errealitatea ezagutu nahi zuelako. Bera ama da; badaki zer den ama izatea. Orain ikasi du ama beste era batera izaten! Oso ondo eraman gara, baina bitxia izan da elkar ezagutzen genuela elkar ikusi aurretik.
Itziar Aizpuru: "Euskal Herriko familia askoren egoera kontatzen du filmak"
Itziar Aizpuru aktorea (Amaia Ventas Aldabaldetreku).Gaur bertan estreinatuko dute El vasco filma Zinemaldian, Zinemira sailean. Eta hantxe izango da istorio horretako protagonistaren amonarena egiten duen Itziar Aizpuru (Getaria, 1939) aktorea. "Adin honekin, beti amonaren paperak ematen dizkidate", esan du umoretsu. Aizpurua ez da, ordea, askok buruan duten ohiko amona. Herenegun bertan 07:30ean atera zen etxetik, eta 20:00ak pasata itzuli, Donostian pelikula bat filmatzen aritu ondoren. "Gorputzak eutsi eta aukerak suertatu bitartean" hala jarraituko duela esan du.
Estreinaldirako prest?
Beharko. Lan eta lan ibiliko naiz goizetik, eta arratsaldean tarte bat hartuko dut arropaz aldatzeko eta.
Proiektuz proiektu zabiltza, ezta?
Zorionez, bai. Paper txikiak dira, baina berdin dit, paper politak dira. Gainera, niretzat denak dira garrantzitsuak; egun bakarreko lanak ere bai. Verano en rojo filmean aritu naiz, Buenas compañias lanarekin nabil orain, eta Cristobal Balentziagari buruzko seriean ere banabil. Getariarra naiz eta ilusio handia egin zidan lan horretan parte hartzeak. Balentziagaren amaren papera egiten dut han.
El vasco filma aurkeztuko duzue, eta Joseba Usabiaga aktorea da protagonistetako bat. Zuk zer paper duzu?
Nik, beti bezala, amonarena egiten dut. Filmak kontatzen du duela 30 edo 40 urte Argentinara joan zen familia baten istorioa. Oso polita da, eta gainera, hemengo familia askok bizi izan duten egoera kontatzen du.
Zinemaldian gehiagotan ere izana zara; Loreak filmarekin, adibidez. Nolako esperientzia izaten da?
Alfonbra gorria zapaldu genuen, eta niretzat esperientzia berria izan zen. Jendea galdezka, agurtzen eta musuka... Oso ondo hartzen gaituzte beti. Sumatzen dut kariño hori. Gainerakoan, neu ez naiz Zinemaldira joan zalea, zinemazalea izan arren.
82 urte dituzu, baina erretiratzeko asmorik ez...
Ezta pentsatu ere. Gustura egiten dudan zerbait da; filmatzen ari naizenean inongo minik ez dut sentitzen, kar-kar.