Euskaraldirako entsegua egingo dute aurtengo Olarro Egunean

Juan Luis Romatet 2022ko irailaren 8a

Irailaren 17an egingo da Olarro Eguna. Koreografia bat prestatu du Astindu dantza taldeak. Herriko zazpi elkartek egingo dute lan txosnetan eta bazkarian

Aski ezagunak diren arrazoiengatik, aurreko bi urteetan ezin izan da Olarro Egunik ospatu Zumaian. Aurten egoera bestelakoa da, eta pandemiagatik zabaldutako parentesia itxiz, bueltan izango da olagarroari lotuta antolatutako festa eguna. Ohiko ekitaldiez gain, hirugarren Euskaraldiaren entsegu orokorra egingo dela iragarri zuten atzo Alondegian egindako aurkezpen ekitaldian.

Hamar egun barru, irailaren 17an, ospatuko da Olarro Eguna Zumaian. Bi hilabete geroago, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, Euskaraldiaren hirugarren edizioa egingo da, eta Olarro Egunean herria jendez gainezka egongo dela jakinik, Euskaraldiaren batzordeak eta udalak egoki ikusi dute Euskaraldira begirako "entsegu orokorra" egun horretan egitea. Hala, Xabier Azkue udaleko euskara teknikariak azaldu duenez, belarripresten eta ahobizien rolak identifikatuko dituzten pegatinak banatuko dira egunean zehar herriko puntu desberdinetan jarriko diren mahaietan: goizez Kofradiako plazatxoan izango da mahaia, eta arratsaldez Eusebio Gurrutxagan.

Horrekin batera, Euskaraldiko abestia oinarri hartuta Zumaiako Astindu dantza taldeak prestatu duen koreografia dantzatuko dute herriko kaleetan. Taldea 18:30ean abiatuko da Beheko plazatik, eta Amaiako plazara bitartean geldialdiak egingo ditu koreografia dantzatzeko. Herritarrek ere izango dute dantza kalejira horretan parte hartzeko aukera. Izan ere, koreografiak bideo bidez jasoko dira eta aurreko egunetan ikusteko, ikasteko eta entseatzeko aukera izango dute zumaiarrek.

Aipatutakoez gain, Euskaraldiarekin lotutako ekintza gehiago ere egingo dituzte datozen egunotan Zumaian. Ariketa sozialari lotutako horma irudi edo mural bat margotuko dute Kofradiako Estalapea inguratzen duen egurrezko itxituran. Datorren asteazkenean hasiko dira margotzen.

Argazki rallya hasteko

Olarro Eguna Zumaian errotuta dagoen festa dela azpimarratu zuen Alex Oliden zinegotziak asteazkenean egin zuten aurkezpen ekitaldian. "Festa alaia da, eta alaitasun horren bueltan elkartzea pozgarria" dela gaineratu zuen. Jai egun hori antolatzen lagundu duten elkarteei eskerrak eman zizkien, eta gogoratu zuen aurten ere hondakinak birziklatzeko apustua egingo duela udalak. "Hondakinak konpostagarriak egiteko saiakera egingo dugu, eta herritarrei ere hondakin horiek sailkatzeko eskaera egingo diegu".

Argazki rallyarekin hasiko da eguneko egitaraua. Distira argazki elkarteak antolatutako lehiaketak hamaseigarren edizioa beteko du aurten, eta izango ditu aldaketa batzuk. Rallyan parte hartuko duten argazkilariek 09:00etatik aurrera eman beharko dute izena Alondegian, 10 euroren truke. "Kanpotik jende dezente etortzen da, eta izena emateko orduan jakingo dute zer gaien inguruan atera beharko dituzten argazkiak", azaldu zuen Eva Franco argazkilari eta Distirako kideak. Argazkilariek txartela entregatu beharko dute goizaren amaieran, "argazkiak ez modifikatzeko".

Azken urteetan sari banaketa egunean bertan egin izan dute, arratsaldez, baina rallya antolatzeak suposatzen duen lanagatik, antolatzaileek sariak banatzeko ekitaldia atzeratzea eskatu dute. Hala, oraindik ez dute erabaki noiz egingo den, baina udazkenean izango dela aurreratu zuten atzo.

Gastronomiaren tartea

Goizean hasi eta igandeko goizaldera arte iraungo du Olarro Eguneko festa giroak Zumaian, beti ere, eguraldiak laguntzen badu. Gastronomiak, nola ez, izango du bere tartea, handia gainera, egitarauan. Goiz partean, 11:00etatik aurrera, sukaldaritza erakustaldia egingo dute Eusebio Gurrutxaga plazan: hainbat sukaldarik olagarroa prestatzen jardungo dute bertan, eta bakoitzak modu ezberdinak aurkeztuko ditu.

Olagarro zopa eta olagarro brotxetak salduko dituzten sei txosna izango dira herriko hainbat txokotan: Amaiako plazan, Saregileen plazan, Erribera kalean, Zuloaga plazaren aurrean, Eusebio Gurrutxaga plazan eta Moilaberriko zubi parean. Moilaberrikoak goizez bakarrik eskainiko du zerbitzua, eta olagarro-brotxetak salduko ditu; beste bost txosnetan, berriz, zopa salduko dute goizez, eta brotxetak arratsaldez.

Herriko taldeak arituko dira saltoki horietan lanean: San Pedro abesbatza Amaiako plazako txosnan, OlarruSub Saregileen plazan, Zumaiako arraunlari beteranoak Erriberan, Indamendi Zuloaga plazan, Beduola Gurrutxaga plazan, eta Motxanekua zaldi elkartea Moilaberrin. Zazpigarren talde batek, Lourdeseko Ospitalitateak, herri bazkaria zerbitzatuko du.

Esti Irureta turismo tekniariak adierazi zuenez, herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan: 9 euroan helduena eta 6 euroan haurrena.

Iruretak gaineratu zuen aurten olagarroa eta bestelako ekipamendua "asko garestitu" dela. Hori dela eta, aurreko urteetan baino olagarro gutxiago erosiko dute eta, ondorioz, elkarte bat gutxiagorentzako izango da lana. Hori bai, gaineratu zuen olagarroaren kalitateari erreparatuko diotela gehiago prezioari baino, eta erosterako orduan zaporea eta haren kalitatea aintzat hartuko dituztela.

Egitaraua

Goizean, XVI. Argazki Rallya. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.

10:00. Kuadrillen arteko batel estropada, Olarro Eguneko XIV. Bandera.

Goizean, olagarro zopa txosnetan.

10:00. Flyscheko olagarroa bisita gidatua euskaraz. %50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna. Erreserbak: www.geoparkea.eus.

10:30- 14:30. Elikagaien azoka, Erribera kalean.

10:30. Haur eta gaztetxoentzako jolasak, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustaingo arranpla parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetxoak puskatzea eta abar.

11:00-13:00. Eusebio Gurrutxagan, olagarroarekin egindako sukaldaritza erakustaldia.

11:00- 13:00. Algorri interpretazio zentroan 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat doako tailerrak. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943-14 31 00.

11:00-14:00. Ateak zabalik izango dituzte Kofradian, arrain salmenta aretoa ikusi ahal izateko.

11:15. Hamaiketakoa olagarro harrapatzaile izandakoentzat, Kupela jatetxean (Hogarra).

11:30. Herriko txistularien kalejira Astindu taldearekin.

12:15. Beheko Plaza eta Zarauzko Udaberri abesbatzen saioak herrian zehar.

13:00. Kalejira, Zutrik trikitilarien eskutik.

14:30. Herri bazkaria, Eusebio Gurrutxaga plazan.

17:00-19:00. Ateak zabalik Kofradian, arrain salmenta aretoa ikusteko.

17:30. Plaza dantzak, Eusebio Gurrutxaga plazan.

18:30. Euskaraldiko abestiaren koreografia herrikoia Astindu taldearekin, Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta Amaia plazara bitartean.

Arratsaldez, olagarro brotxetak txosnetan.

19:30. The McKensy’s Clan Band txaranga herriko kaleetan.

22:00. DJ Loti eta Julen Lujan Eusebio Gurrutxaga plazako karpan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide