Gaurkoan ere lortu dute Orioko neskek. Ikaragarrizko liga egin eta hura irabazi ostean, Kontxarako txartela eskuratu dute Orio Orialkiko neskek Donostiako Banderako sailkapen estropadan. 10:50.46ko denbora egin du Nadeth Agirre patroi duen traineruak, eta bigarren sailkatu dira gaurko erlojupekoan.
Lehen postuan sailkatu da Arraun Lagunak (10:46), eta hirugarren helmugaratu dira Tolosaldeako neskak (10:57). Ondorioz, zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Hibaika, Cabo, Hondarribia eta Chapela; hurrenkera horretan sailkatuta.
Zumaiak eta Zarautzek, ezin
Zarautzek estropada ona egin badu ere, Enbatako neskek ez dute lortu Kontxarako txartelik. Bederatzigarren postuan sailkatu dira, Kontxan lehiatuko den Chapela baino bederatzi segundu beranduago (11:26.44). Zumaiako traineru gorria ere saiatu saiatu da, baina ezin izan du eta 11. sailkatu da (11:31.18).