Azken txanpan sartua da arraun denboraldia. Eusko Label ez beste ligak amaitu dira, eta eskualdeko traineruek ez dutenez igoera edo jaitsiera estropadarik jokatu beharrik, behin betikoak dira batzuek eta besteek egindako lanak. Datorren denboraldian denek jarraituko dute aurtengo ligetan, Orio B taldea kenduta. Orioko mutil gazteak gogor aritu dira KAE1 ligan estropadaz estropada, eta esperientzia garrantzitsua hartu arren, mailaz jaitsi dira zuzenean –KAE2ra– liga azken postuan amaituta.
Liga gehienak amaitu arren, ez da deskantsatzeko ordua oraindik, urteko hitzordu garrantzitsuenak baitatoz datozen egunetan: Kontxako Banderako sailkatze estropadak. Gizonezkoena beti ostegunez jokatu izan da, baina aurten egun bat aurreratu, eta asteazkenez izango da, hau da, bihar. Joan den asteburuko estropadetatik eta Galiziako bidaiatik errekuperatzeko larri-larri ibiliko dira klubak, askoren ustetan.
Hurrengo egunean, ostegunean, jokatuko dute sailkapen estropada emakumezkoek.
Eskualdeko klub guztiak saiatuko dira sailkapen estropadan Kontxarako txartela eskuratzen. Gizonezkoetan, Oriok ez luke sailkatzeko arazorik eduki behar. Getaria ere bosgarren dago gaur-gaurkoz sailkapen orokorrean, eta ahalegina egingo du Eusko Label ligara igo den denboraldian Kontxan ere egoteko. Historikoa litzateke getariarrentzat.
Hain zuzen, Getariako Udalak herritarrei dei egin die gaur arratsaldean arraunlariak animatzera bertaratu daitezen Esperantzakoen entrenamendu saiora. Hitzordua 18:00etan izango da, Amabirjinaren moila berrian. «2022ko denboraldi bikaina txalotu eta Kontxako estropaden sailkapenerako azken entrenamenduan herritarron poza, indarra eta harrotasuna transmitituko dizkiegu Esperantzako arraunlariei eta laguntzaile guztiei», adierazi du udalak han-hemen zabaldutako deialdian.
Emakumezkoetan, Orio, Zarautz eta Zumaia bertaratuko dira sailkapen estropada jokatzera, baina Oriok ez beste biek oso zaila izango dute txartela eskuratzea. Orio, berriz, Kontxa irabazteko faborito nagusi bihurtu da liga nagusitasunez bereganatu ondoren. Patxi Frances entrenatzailea ere baikor agertu zen joan den astean egunkari honek Kontxako hitzorduaz galdetu zionean: «Denboraldian zehar egindakoa aztertuta, uste dut guk beti egiten duguna egiten badugu, oso zaila izango dutela guri irabaztea [Kontxan]».
Bihar eta etzi jakingo da nor sailkatzen den urteko Donostiako bandera preziatuena irabazteko lehiarako eta nor gelditzen den kanpoan. Ondoren, gizonezkoen ligako garaikurra bakarrik egongo da jokoan, patroi onena zein den igandean erabakita gelditu zelako: Ander Etxegoien Orioko patroia da, matematikoki, garailea.
SAILKAPENA
Euskotren Liga (amaituta)
1.- Orio Orialki: 30 puntu
2.- Donostia Arraun Lagunak:
26 puntu
3.- Donostiarra: 13 puntu
4.- Tolosaldea: 11 puntuETE Liga (amaituta)
1.- Hondarribia: 126 puntu
2.-Hibaika: 119 puntu
3.- Deusto: 98 puntu
4.- Delteco Zumaia: 86 puntu
5.- Ondarroa: 70 puntu
6.- Zarautz Gesalaga Okelan:
68 puntu
7.- Hernani: 62 puntu
8.- Castro: 28 puntu
9.- Portugalete: 18 puntuKAE 1 Liga (amaituta)
1.- Sanpedrotarra: 142 puntu
2.- Pedreña: 134 puntu
3.- Arkote: 133 puntu
4.-San Juan: 113 puntu
5.- Zarautz Gesalaga Okelan: 98 puntu
6.- Hondarribia: 96 puntu
7.- Castro: 92 puntu
8.- Delteco Zumaia: 84 puntu
9.- Deusto: 78 puntu
10.- Camargo: 46 puntu
11.- Busturialdea: 41 puntu
12.- Orio Orialki: 35 puntuEusko Label Liga (jokoan)
1.- Urdaibai: 195 puntu
2.- Hondarribia: 192 puntu
3.- Donostiarra: 182 puntu
4.-Orio Orialki: 167 puntu
5.- Getaria: 113 puntu
6.- Kaiku: 99 puntu
7.- Zierbena: 96 puntu
8.- Cabo: 87 puntu
9.- Ondarroa: 77 puntu
10.- Sotera: 75 puntu
11.- Lekittarra: 69 puntu
12.- Ares: 51 puntu