Erandioko erlojupekoarekin amaitu da ETE liga

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 29a

Zarautz Gesalaga Okelan bikain lehiatu zen ligaren azken estropadan, eta laugarren sailkatu zen Bizkaiko uretan atzo arratsaldean. Delteco Zumaiak seigarren egin zuen. Sailkapen nagusian, zumaiarrak laugarren izan dira, eta zarauztarrak, seigarren, baina bosgarrenarengandik bi puntura soilik gelditu dira.

Atzo arratsaldean Erandion (Bizkaia) erlojupekoa jokatuta amaitu zen ETE liga, eta Zarautz Gesalaga Okelanek bukaera dotorea eman zion ligari. Izan ere, ligako hiru onenen atzetik sailkatu zen atzokoan, 11:07,59 denbora eginda.

Puntu garrantzitsuak eskuratuta, sailkapen orokorrean seigarren postuan mantendu dira zarauztarrak 68 punturekin. Zazpigarren izan zen Hernanik, berriz, 62 punturekin amaitu du liga. Bosgarren postua ere ez dute urruti izan zarauztarrek, Ondarroak 70 punturekin amaitu duelako liga, soilik bi puntu gehiagorekin.

Delteco Zumaiak atzo ez zuen asmatu, eta seigarren helmugaratu zen. Sailkapen nagusian, baina, laugarren postuari eutsi diote, hirugarrenarengandik nahiz bosgarrenarengandik urrun –Zumaiak 86 puntu ditu, Deustok 98 eta Ondarroak 70–.

Gaurtik aurrera, dena den, deskantso gutxi izango dute bi taldeek, ostegunean Kontxako Banderarako sailkapen estropadan lehiatuko direlako astebururako txartelaren bila.

Ondoren, iritsiko da denboraldia baloratzeko ordua eta hurrengo denboraldia prestatzen hastekoa ere bai.

Gaurko sailkapena

ETE ligako behin betiko sailkapena

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide