N-634 errepidea tarteka itxi egingo dute bihar Espainiako Vuelta dela eta

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 23a

Txirrindulariek Irunen hasiko dute etapa eta Bilbora arteko bidea egingo dute. Eskualdera Oriotik sartuko dira, eta Zarautz, Getaria, Zumaia eta Zestoa (Arroa) zeharkatuko dituzte. Zirkulazioari eragingo dio 12:45etik 15:10 aldera arte. Bestalde, Zumaian herritar talde batek protestara deitu du, eta eskatu die herritarrei "ikurrina, Nafarroako bandera nahiz bestelako ikurrak" eramateko proba pasatzen den tokira.

Espainiako Vuelta txirrindularitza probaren bosgarren etapa eskualdetik igaroko da bihar, asteazkena. Irundik irtengo dira txirrindulariak, eta Bilbora bidean, Usurbildik iritsiko dira Oriora 13:45 aldera. Hala aurreikusi dute antolatzaileek. Errepidea, baina lehenago hasiko dira ixten. Tarteka moztuta egongo da 12:45etik aurrera.

Oriotik Zarautzera, han Nafarroa kale osoa zeharkatuko dute eta kostako errepidetik Getariara joango dira; jarraian Zumaiara egingo dute, eta azkenik, Zestoara (Arroa) laster egingo dute txirrindulariek, eskualdetik atera aurretik.

Herriz herri, hauek dira ordutegiak:

  • Orio: 13:45 aldera iritsiko dira herrira. Errepidea tarteka itxita egongo da 12:45etik 14:30era.
  • Zarautz: 13:58an iristea aurreikusi dute. 12:00etatik 14:00etara itxita egongo da Nafarroa kalea.
  • Getaria: 13:00etatik 14:00etara itxita egongo da errepidea.
  • Zumaia: 13:10etik 14:10era egongo da errepidea moztuta.
  • Zestoa (Arroa): 14:10etik 15:10era egongo da itxita errepidea.

Zumaian, protestarako deia

Zumaian, herritar talde batek protestara deitu du bihar, Espainiako Vuelta Zumaiatik pasatuko den momenturako: "Espainiako Vuelta Zumaiatik igaroko da asteazkenean. Eman diezaiogun buelta eta balia dezagun gure aldarrikapenak erakusteko. Espainiarik ez, hau Euskal Herria da! Etorri ikurrinak, nafar bandera eta bestelakoak hartuta", eskatu dute. 

Hitzordua Ludoteka aurrean jarri dute, 13:30ean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide