Etxeko taldea animatzeko gogoz, ZAEren elastiko eta bandera ugari ikusi dira gaur goiz-eguerdi partean Zarautz eta Getaria arteko pasealekuan. Baina ez dira bakarrak izan. Hondarribiak zaletu multzo polita eraman du, baita Ondarroak ere. San Pedro, San Juan, Deustu, Telmo Deun, Castro, Orio... Kolore festa polita nahastu da, bat eginda, baina bakoitzak berea defendatuz.
Kataloxak eskuetan, traineruak ongi bistaratzeko, eta sakelako telefonoari begira, denbora tarteak kontrolatzeko. Bozgorailu handi batekin oihuka zebilen zaletu bat ere agertu da.
Itsaso mugituarekin aritu dira arraunean kirolariak; zaleek, berriz, eguzki epelaz gozatu ahal izan dute lehorrean.
Arratsaldean errituala errepikatuko da, baina Euskotren eta Eusko Label ligetako taldeen jarraitzaileentzat. Izan ere, arrauneko giroak berezko xarma hori du.
KAE1 ligak badu irabazlea: Sanpedrotarra
Emaitzei dagokienez, KAE1 ligan erabakita gelditu da ligako irabazlea gaur: Sanpedrotarra. Gaurko estropada irabazi du, eta sailkapen nagusian Pedreñari 13 puntuko aldea aterata gelditu da. Liga hori, izan ere, iritsi da bere hondarrera, gaurkoa azkenaurreko estropada izan baita. Bihar amaituko da liga, Bilbon.
Lehia estuan aritu dira traineruak Zarauzko uretan, eta egon da ezustekorik ere, sailkapen nagusian seigarren den Castro bigarren helmugaratu baita gaurkoan.
Eskualdeko taldeei dagokienez, Zarautz Gesalaga Okelanek lortu du emaitza onena, seigarren helmugaratuta. Zazpi puntu eskuratu ditu Zarautzek gaurkoan, eta sailkapen orokorrean bosgarren postuari eusten dio tinko. Delteco Zumaia bederatzigarrena izan da; gogor borrokatu behar izan dute, eta segundo pasatxoren barruan helmugaratu dira hiru traineru: Deusto, Busturialdea eta Zumaia; zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren izan dira, hurrenez hurren.
Orio Orialkiri dagokionez, gogor egin dute arraun OAEko harrobiko mutilek, baina sailkapen orokorrean gertu-gertu duen Busturialdea finago ibili da gaurkoan, eta aurre hartu dio Oriori. Zazpi segundoko aldeagatik, baina azken postuan amaitu dute gaurko estropada oriotarrek.
Liga erlojupeko estropadarekin amaituko da, bihar, Bilbon. Ea zer egiten duten eskualdeko mutilek. Hauek dira gaurko sailkapena eta sailkapen orokorra:
Gaurko sailkapena
Sailkapen orokorra:
ETE ligako txapelduna, oraindik airean
ETE ligako estropada ere Zarautzen jokatu da gaur, eta Delteco Zumaiak hirugarren postu bikaina eskuratu du bertan. Zarautz Gesalaga Okelan seigarren izan da etxeko estropadan, eta emakumezkoetan ere lehia estua egon da. Izan ere, lau segundoren barruan lau traineru helmugaratu dira: Zarautz, Hernani, Ondarroa eta Zumaia.
Bigarren txandan lehiatu da Delteco Zumaia, Ondarroarekin eta Zarautz Gesalaga Okelanekin batera, eta txanda irabaztea lortu dute zumaiarrek, 11:46,62 denbora eginda. Ondarroarekin batera helmugaratu dira Telmo Deuneko neskak, eta ehuneneko batzuengatik aurreratu dira, bizkaitarrek 11:46,73 egin baitute.
Ohorezko txandan Deusto ez da batere fin ibili, eta 12:02,67 denbora egin duenez, hirugarren sailkatu dira zumaiarrak, Hondarribiaren eta Hibaikaren atzetik.
Zarautzek bere txandako denbora txarrena egin du, baina segundo bakarragatik ez dio aurre hartu bosgarren izan den Hernaniri.
Estropada Hondarribiak irabazi du, eta sailkapen nagusian ere bera da lider, baina gertu dauka Hibaika –garu ere traineru hori izan da bigarren Zarautzen– eta ikusteko dago liga nork poltsikoratuko duen. Bihar erlojupekoa izango dute Bilbon, eta horren ondotik, liga amaitzeko jardunaldi bakarra geldituko da: hilaren 28an Erandion jokatuko den estropada, hain zuzen.
Gaurko sailkapena:
Sailkapen nagusia: