KAE1 Ligako Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Bandera eta ETE Ligako Txingudi bandera izan dituzte jokoan gaur, Hondarribian. Goizean, emakumeen lehia jokatu da eta Zumaia eta Zarautz bosgarren eta seigarren postuan sailkatu dira, hurrenez hurren. Hondarribiak, etxeko taldeak, irabazi du norgehiagoka, aurkariei hamabost segundotik gora aterata.
Emakumeen lehia bukatutakoan, KAE 1 Ligako estropadari eman diote hasiera, eta honetan eskualdeko hiru ontzik parte hartu dute: Orio Orialki Bk, Delteco Zumaiak eta Zarautz Gesalaga Okelanek. Oriotarren harrobiko arraunlari gazteez osatutako taldeak hirugarren txandan egin du arraunean eta 22:04,74 denbora markatu du. Zumaia eta Zarautz, berriz, bigarren txandan aritu dira, Hondarribia B eta Castrorekin batera. Hondarribiak irabazi du txanda, baina lehia estu-estua izan du Delteco Zumaiarekin; azkenean, ehunekoek markatu dute diferentzia eta Bidasoako taldearentzat izan da txandako garaipena. Bandera, berriz, Pedreñak irabazi du.