Traineru estropadaz beterik iritsiko da asteburua

Aiora Larrañaga 2022ko abuztuaren 5a

Euskotren, Eusko Label eta ETE ligako taldeek bi estropada jokatuko dituzte asteburuan. KAE1 Ligan aritzen direnek, berriz, igandean izango dute hitzordua Hondarribian.

Traineru denboraldiaren ekuatorera iritsi gara eta ligak pil-pilean dira. Hala, datorren asteburua ere traineru estropadaz beterik iritsiko da, arraunzaleen gozamenerako. Alde batetik, Orio-Orialki gizonen eta emakumeen talde nagusiek eta Getariak Hondarribiko Bandera izango dute jokoan larunbatean, 17:40ean hasita; igandean, berriz, eskualdean izango dute hitzordua, Getariako Ikurriña- 500 urteurren Saria estropada jokatuko baitute, 11:40etik aurrera. Getariarrek Eusko Label Ligan etxean jokatzen duten lehen aldia izango da, eta herritarrak arraunlariak animatzera deitu dituzte arraun elkarteak eta Getariako Udalak.

Bestetik, KAE 1 Ligan aritzen diren Zararautz Gesalaga Okelan, Delteco Zumaia eta Orio Orialki B taldeek igandean izango dute arraun hitzordua. Hala, 11:30etik aurrera Hondarribiko Arrantzaleen Kofradia Bandera jokatuko dute.

ETE Ligako Delteco Zumaia eta Zarautz Gesalaga Okelanek, berriz, bi estropada izango dituzte asteburuan. Larunbatean, Ondarroako Bandera izango dute jokoan, 12:00etan hasita. Eta igandean, Txingudiko Bandera estropada abiatuko dute, 10:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide