San Lorentzo egunean festak ospatuko dituzte San Lorente auzoan eta Beizaman

Ihintza Elustondo 2022ko abuztuaren 4a

San Lorente auzoan meza izango da abuztuaren 10ean, San Lorente egunez, 11:00etan hasita, eta beste hainbat ekitaldi ere izango dira. Beizaman ere ospatuko dituzte jaiak, San Lorentzoko ermitan.

Aurten ere San Lorentzo egunez ospatuko dituzte jaiak Zestoa eta Zumaia arteko San Lorente auzoan. Abuztuaren 10ean, asteazkenez, egingo dute festa.

Mezarekin hasiko dute eguna, 11:00etan. Ondoren, umeentzako ekitaldiak eta jan-edanerako tartea izango dira. Besteak beste, umeentzako entzierroa egingo dute, ondoren haiei zuzendutako jolasak izango dira, eta Lopeneren poniekin eta zezentxoekin ibiltzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Era berean, helduek txakolina eta pintxoak dastatzeko abagunea izango dute.

Beizaman ere ospatuko dituzte festak San Lorentzo egunean. Arratsaldean, meza izango da San Lorentzoko ermitan, eta afaria, ondoren, alboko baserrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide