Segurtasunez bainatzeko hiru eremu baliztatu ditu udalak itsasadarrean

Maria Maya Manterola 2022ko uztailaren 27a

Arranpla, Moilaberria eta itsas kiroldegi parean bainatzeko eremuak balizen bidez seinaleztatu dituzte. Errioan bainatzeko gomendioak ere plazaratu ditu udalak.

Uda partean, itsasgoran ohikoa da Urola ibaiaren itsasadarra bainulariz beteta ikustea, eta egoera horietan sor daitezkeen arriskuak saihesteko asmoz, bainatzeko eremuak baliztatu ditu Zumaiako Udalak. Izan ere, ontzien joan-etorri handia izaten da bertan.

Atzo goizean bertan jarri zituzten hori koloreko buiak bainatu ahal izateko errioan zehaztuta dauden hiru eremuetan: arranplan, Moilaberrin eta itsas kiroldegi parean.

Era berean, udalak gogorarazi du debekatuta dagoela ibaia alde batetik bestera zeharkatzea, eta bainatzeko eremuak errespetatu egin beharko direla. Gomendio zerrenda bat ere plazaratu du, eta eskuorri batean bildu ditu horiek guztiak. Formatu fisikoan, berriz, taulak eta padelak alokatzeko establezimenduetan zein surf eskoletan egongo dira eskuragarri.

Bederatzi puntu

Bederatzi puntuk osatu dute gomendio sorta. Hasteko, sen onak eta gizalegeak nagusi izan behar dutela esan du udalak, eta norberak bere mugak ezagutu behar dituela. "Ez sartu uretan hasiberria bazara eta ibaiko baldintzak oso txarrak badira". Itsas kiroldegian, pantalanetik bainu eremura sartzea debekatuta dagoela ere gogoratu du udalak, eta baimendutako eremuetan, itsasadarrera sartzeko egokitutako arrapalak erabili beharko direla. Itsas kiroldegiko eremuan, berriz, arraun eta piraguismo kluben ontzietako sarbide eremua libre utzi beharko da.

Azpimarratu du, baita ere, Santiagotxikiko paduran ezin dela sartu, ezta bertan kirola egin ere. "Hegaztientzako atsedengunea da, eta Natura 2000 Sareko eremua". Zentzu berean, ibaian gora eginda, Basazpiako paduran (Usurbiribillaga uharteak) kirola egiteko kanala Basusta mendiaren aldekoa dela azaldu du; errioaren beste aldea, Sanmigelazpia, babestutako eremua da.

Portu bideak eta nabigazio kanalak beti libre egon behar dutela ere azaldu du udalak. Itsadarra edozein kirol jardueratarako erabiltzen bada, beti eskuinaldetik egitea gomendatu dute, martxaren noranzkoan, eta ibaian gora, betiere ikusmena nabarmentzeko elementuekin, izan buiak edo izan txalekoak, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide