Oiartzun ibaian jokatu da eguerdian ETE ligako estropada, Errenteriako Hiria Emakumeen Traineru Elkarteko Liga IV. Ikurriña. Erlojupean aritu dira liga honetan lehiatzen ari diren bederatzi ontziak, bi txandatan banatuta.
Lehen txandan aritu den Zarautz Gesalaga Okelanek bere txandako denbora onena egin du, eta bigarren txandan aritu diren Delteco Zumaiak eta Ondarroak baino hobeagoa izan da. Hala, Zarautz laugarren izan dira gaurko estropadan eta bosgarren Zumaia.
Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak. Ligako laugarren postuan da Zumaia, 47 punturekin, eta seigarren Zarautz 34rekin. Sailkapeneko buruan 64 puntura berdinduta daude gaur egun lider den Hondarribia eta bigarren den Hibaika.
Kilometro gutxira jokatu da arratsaldean KAE 1 ligako estropada, Pasaiako XXXVII. Ikurriña. Eguerdikoa bezala, hau ere erlojupeko estropada izan da. Parte hartzaileak bi txandatan banatu dituzte. Delteco Zumaia eta Orio Orialki lehen txandan aritu dira; Zarautz Gesalaga Okelan, aldiz, bigarrenean. Eskualdeko traineruei dagokionez, lan onena Zumaiak egin du: bere txandako denborarik onena egin du, eta bigarrenean aritu diren Zarautzek eta Hondarribiak baino hobeagoa ere bai. Ondorioz, bosgarren izan da Zumaia Pasaian; Zarautz seigarren, eta Orio hamaikagarren.
Pasaiako estropadako denborak hemen ikus daitezke. KAE 1 ligako sailkapen orokorrean hirugarren postuan da Zarautz, 73 punturekin, zazpigarren Zumaia 45ekin, eta hamaikagarren Orio 22rekin.
Datorren astean izango dituzte KAE 1 eta ETE ligek hurrengo jardunaldiak. Camargon izango dituzte biek ere hitzorduak, larunbatean, uztailaren 30ean: emakumeak Camargo Hiriko bigarren banderan lehiatuko dira 17:15etik aurrera, eta gizonak 18:00etan Camargo Hiriko XXX. banderan.