50. urteurrena osasun onarekin biziko du aurten Dinastia Etxabek

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 21a

Uztailaren 29tik abuztuaren 25era jokatuko dute Zumaiako Aitzurin pilota txapelketa horren 50. edizioa. Eskuzko partidez gain, zesta-puntakoak ere jokatuko dituzte.

Eibarko beraneanteak, Etxe Ona jatetxeko bolero kontzertuak eta Dinastia Etxabe txapelketako pilota partidak. Orain hamarkada batzuetako Zumaiako udak ez ziratekeen gauza bera izango herriko historian iltzatutako hiru mugarri horiek gabe. Denborarekin gauza batzuk aldatzen joan dira –Eibarko udatiarrak mundu osotik etorritako beste bisitari guztien artean nahasten joan dira, eta Etxe Ona jatetxeak XXI. mende hasieran itxi zituen ateak–, baina 1970eko hamarkadatik jokatu izan den pilota txapelketak sasoi betean jarraitzen du orain urte batzuk izandako ajeak atzean utzita. Aurten 50 urte beteko ditu, eta ohiko kirol eskaintza aberastu nahi izan du txapelketa antolatzen duen Zumaiako Kirol Elkarteak.

Hala iragarri zuten herenegun egindako aurkezpen ekitaldian. Txapelketa uztailaren 29an hasiko da, hau da, datorren astean, eta ia hilabete geroago bukatuko da, abuztuaren 25ean. Jardunaldiak astelehenetan eta ostegunetan izango dira, lehenengoa izan ezik, ostiralez jokatuko baita hori. Azken urteotan bezala, eskuzko modalitatean 23 urtez azpiko eta jubenil kategorietako pilotariak ariko dira. Lehen bi jardunaldietan, uztailaren 29an eta abuztuaren 1ean, 23 urtez azpikoen final zortzirenak jokatuko dituzte. Jubenil mailako pilotariak, berriz, final laurdenetan hasiko dira lehian, abuztuaren 4an. Abuztuaren 18an eta 22an jokatuko dituzte finalerdiak, eta 25ean final handiak. Partida guztiak Aitzuri frontoian jokatuko dituzte, 21:00etan hasita.

Berrogei pilotarietatik erdia baino gehiago, 21, gipuzkoarrak dira. Horiez gain, Nafarroako bederatzi, Bizkaiko sei, Errioxako (Espainia) hiru eta Arabako bat ariko dira.

Zesta-puntak ere protagonismoa izango du

Eskuzko pilota modalitateak ez ezik, beste batek ere izango du tokia Dinastia Etxaberen 50. urteurreneko edizio honetan: zesta-puntakoak, hain zuzen ere. "Dinastia Etxaberen historian garrantzia izan du. Arrakasta izaten ari den emakumezkoen esku pilota partidak jartzeko ideia ere izan dugu, baina azkenean zestapuntako partidak jartzearen aldeko apustua egin dugu", azaldu zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako Kirol Elkarteko presidenteak. "Zumaiako puntistek maila polita erakutsi dute, eta horiei bultzada eman nahi diegu". Finalerdietan hasiko dira xisterako partidak jokatzen, eta ariko diren zortzi puntistetatik lau Zumaiakoak izango direla ere nabarmendu zuen.

Pilota txapelketaren historia presidenteen hitzetan

Dinastia Etxaberen 50 urteko historian Zumaiako Kirol Elkarteak izan dituen presidenteek hitza hartzeko aukera izan zuten Alondegiko Oxford aretoan herenegun egindako aurkezpen ekitaldian.

Javier Carballo zen kirol elkarteko presidentea Dinastia Etxabe hasi zuten garaian. "Zumaian pilotarako afizio handia zegoela ikusita, Gipuzkoako Federazioak eskatu zigun txapelketa bat antolatzeko herrian". Beste herrietan ez bezala, partidak gauez jokatzeko apustua egin zuten Zumaian, paleta larruzko pilotako eta eskuzko modalitateetan. Adin handikoak kontsideratzen ziren pilotariei ateak zabaldu zizkietela ere gogoratu zuen. "30 urtetik gorako pilotariek ez zuten profesionaletan aritzeko aukerarik, eta Zumaian jokatzeko aukera zabaldu nahi izan genien". Hiru partidako jaialdiek osatzen zuten txapelketaren jardunaldi bakoitza, eta hasieratik arrakasta izan zuela nabarmendu zuen Carballok. "Odieta bete egiten zen. Hura izan zen historia luze honen hasiera".

Joxe Mari Zubimendik hartu zion lekukoa Carballori, eta presidente izan zen urteetan alboan izan zuen taldea gogoratu nahi izan zuen hark. Azaldu zuen, "beste txapelketa batzuetan ez bezala", Zumaian ez zitzaiela diru kopuru handirik ematen pilotariei, eta hala ere, haiek gogotsu joaten zirela Zumaiara.

Luis Mari Alberdi presidente ohia, berriz, pilotari moduan aritu zen aurrena Dinastia Etxaben, eta antolatzaile gisa geroago, Zumaiako Kirol Elkarteko presidente aukeratu zutenean. Urte haietan murriztu egin behar izan zuten txapelketaren iraupena. "Garai batean ekainetik irailera bitartean jokatzen zen, baina beste kirol modalitate batzuk ere atera ziren, arrauna, esaterako, eta iraupena murriztu behar izan genuen". Txapelketako parte hartzaileen adin tarteak ere garai hartan aldatu zituztela izan zuen gogoan.

Erremintari agurra

Jesus Mari Unanue palista ohia ere Dinastia Etxabe antolatzen duen elkarteko presidente izan zen. Urte batzuetan Zumaia erreminta modalitatean erreferente izan zela azaldu zuen Unanuek. "Hasieran, paletan jokatzen zen, eta gero, pala motzean. Zumaian jokatutako pilotari asko pasatu ziren ondoren profesionaletara. Tamalez, 2007an Odieta eraitsi zutenean, erremintako partidak ezin izan genituen eraman Zestoako frontoira [han jarraitu zuten txapelketa]".

Jexux Iribar zen kirol elkarteko presidentea txapelketa lekualdatu behar izan zutenean: behin Odieta eraitsita, 2008tik 2015era Zestoan jokatu zen txapelketa. "Egoki ikusi genuen Zestoan jokatzea, etxabetarren dinastiako kide batzuk herri horretan jaioak zirelako. Zestoako herriarentzako ere positiboa izango zela pentsatu genuen, eta besoak zabalik hartu gintuzten". Urte haietan txapelketa Zestoara mugitu gabe Dinastiak jarraituko ote zuen galdetuta, Iribarrek esan zuen hori ezin dela jakin. "Agian, beste zerbait egingo zen, baina kontua da hemen gaudela orain".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide