Bueltan da Musika Jaialdia. Hilaren 27tik abuztuaren 7ra arte, askotariko emanaldiak izango dira kalean nahiz herriko aretoetan, eta horiek iragartzeko agerraldia egin zuten atzo udaleko Kultura Sailak eta parte hartuko duten hainbat musikarik.
Sapere Aude Sinfoniettak antolatzen duen klarinete maratoiko laukote irabazleari lekua egin nahi izan diote egitarauan, eta haiek emango dute jaialdiko lehen kontzertua. Mari kalean izango da saioa, 19:00etan.
Iaz Zumaian izandako Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak emanaldia eskainiko du aurtengo edizioan ere, baina oraingoan, Zumaiako Udal Musika Banda lagun duela. Imanol Iribarren taldearen sortzailearen arabera, euskal musika, musika latinoa eta jazza uztartzen ditu taldeak. Iribarrenek dio pandemia ostean grabatutako diskoa finantzatzeko hasi zirela kontzertuak ematen, baina kontzertu gehiago jotzeko aukera sortu zitzaiela han-hemen, eta "erakargarria" egin zaiola jendeari beren eskaintza. Bandarekin aritzeko moldaketak egin ditu, eta horrek "handitasuna" eman dio taldeari, haizezko instrumentuen kasuan, batik bat.
'Hesia urraturik’, barrutik
Jaialdia hasi aurretik, baina, Larraina euskara taldeak eta San Pedro Abesbatzak antolatutako saio berezia izango da bihar. Hesia urraturik liburu eta diskoaren egile Joxean Goikoetxea Xabier Leteren inguruan arituko da solasean, Alex Gurrutxaga idazleak gidatuta. Larrainako Belen Urangaren hitzetan, ilusioz hartu dute taldeko kideek Zumaian Leteren inguruan aritzeko beta. Euskal kulturari hauspoa ematea eta herriko gainerako eragileekin elkarlanean aritzea helburu hartuta, "aukera ezin hobea" suertatu zaiela uste du Urangak.
Goikoetxeak azaldutakoaren arabera, obra bukatzean sortzailearen ardura ere amaitzen da hein batean, eta gero hartzaileek ematen diote bigarren bizitza. Bere lanarekiko interesa "gehigarri bat, sari bat" dela uste du Goikoetxeak, eta pozarren da horregatik. Azaldu du bi zor kitatzeko ekin ziola Hesia urraturik sortzeari: batetik, Xabier Leteri zor ziolako, eta bestetik, bere barruan zuen harra baretzeko. Obraren inguruan "barrutik" arituko dira bihar, eta gero, abuztuaren 1ean eskainiko dute Hesia urraturik, Xabier Lete in memoriam emanaldi bateratua, San Pedro abesbatzarekin eta Sapere Aude Sinfoniettarekin. Emanaldi horretarako aurrez eskuratu behar da sarrera Turismo Bulegoan.
Goikoetxearena ez da solasaldi bakarra izango, ordea, Iker Gonzalez zumaiarrak ere hitzaldia eskainiko baitu. Gonzalezen hitzetan, "musikaren historian bidaia bat" proposatuko du abuztuaren 3ko hitzorduan, eta "pedagogikoa" izan arren, saio arina izango da. 20:00etan da solasaldia Oxford aretoan.
Berria eta klasikoa
Bestelako emanaldi bereziak ere izango dira, Joxe Mari Azkue Kultura zinegotziaren arabera: Traka Matraka-Matraka Culinary Center emanaldian, esaterako, barazkiekin eta sukaldeko tresnekin egingo dute musika. Mozarten Flauta Magikoa opera proiekzioa ere antolatu dute – abuztuaren 2an izango da Aita Marin–, eta emanaldi horretarako ere aurrez sarrera eskuratzea beharrezkoa dela gaineratu dute. Turismo Bulegoan erosi ahal izango da.
Aipamena egin nahi izan dio Azkuek Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan antolatutako ekitaldiari ere. Izan ere, Duo Cassado bikotearen kontzertuarekin itxiko dute Musika Jaialdiko aurtengo egitaraua, eta zinegotziaren arabera, Musika Hamabostaldiaren lehen edizioko sustatzaile Pilar Suarezi eskainitako eskertza kontzertua izango da abuztuaren 7an izango den saioa.
Donostiako Hamabostaldia, eskualdean ere bai
Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan antolatutako ekitaldiak itxiko du Zumaiako Musika Jaialdia, eta eskualdeko herrietan ere izango da.
Azpeitian, abuztuaren 3an François Espinasse organo-jotzaileak eskainiko du kontzertua, Loiolako santutegian. Organo-jotzaile bat ariko da Azkoitian ere: Marie-Bernadette Dufourcete, abuztuaren 13an Andre Mariaren elizan.
Getarian, berriz, Landarbaso Abesbatzak emango du kontzertua abuztuaren 13an. Doan da, baina aurrez eskuratu beharko dira gonbidapenak Turismo Bulegoan.
38. Musika Jaialdia
UZTAILAK 27, ASTEAZKENA
19:00. Klarinete maratoiko laukote irabazlearen kontzertua, Mari kalean.
UZTAILAK 30, LARUNBATA
20:00. Zumaiako Musika Banda eta Aldapeko Basque Latin Jazz, Odietan.
ABUZTUAK 1, ASTELEHENA
20:00. Hesia urraturik, Xabier Lete in memoriam San Pedro abesbatzarekin eta Sapere Aude Sinfoniettarekin, Zumaienan. Sarrera Turismo Bulegoan eros daiteke. Prezioak: 12 euro arrunta; 6 euro langabetuak eta gazteak; eta 3 euro haurrak.
ABUZTUAK 2, ASTEARTEA
20:00. Mozarten Flauta Magikoa-ren opera proiekzioa, Aita Marin. Sarrera Turismo Bulegoan eros daiteke 5 euroan.
ABUZTUAK 3, ASTEAZKENA
20:00. Musika margotuz solasaldia Iker Gonzalezekin, Oxford aretoan.
ABUZTUAK 4, OSTEGUNA
19:00. Traka Matraka-matraka Culinary Center emanaldia, Odietan.
ABUZTUAK 5, OSTIRALA
20:00. Dantza: Neri(H)ari -Iceberg/Lasala Alive emanaldia, Odietan.
ABUZTUAK 7, IGANDEA
20:00. Donostiako Musika Hamabostaldia: Duo Cassado, parrokian.