Zarautz seigarren, Zumaia zazpigarren eta Orio B hamargarren, Orioko IV. Kanpina banderan

Mireia Galarza Bastida 2022ko uztailaren 18a

Orioko errioan jokatu zen KAE1 ligako erlojupekoa atzo 19:00etan hasita, eta giro ederra sortu zen kolore guztietako zaleei esker. San Pedro izan zen lehenengoa helmugaratzen (20;14.62), San Juan bigarren (20;15.69), eta Arkote Seguros Bilbao hirugarren (20;16.40).

Argazkiak: Onintza Lete Arrieta/UKT

Atzo jokatu zuten Orioko IV. Kanpina bandera Orioko errioan, kolore guztietako zaleen babesarekin. Giro polita nagusitu zen herrian, eta eguraldiak ere lagundu egin zuen. 

Erlojupekoa bi txandatan egin zuten KAE1 ligako traineruek. San Pedrorentzat izan zen bandera, 20;14.62 denbora eginda. Eskualdeko azkarrena, berriz, bigarren txandan atera zen Zarautz izan zen, 20;29.62ko denbora lortuta. Delteco Zumaia ia segundo batera helmugaratu zen, 20;30.29ko denbora lortuta. 20;36.71eko denbora eginda, Orio Orialki B, berriz, hamargarren postuan sailkatu zen.

San Pedroren ondoren, San Juan bigarren (20;15.69) izan zen, eta Arkote Seguros Bilbao hirugarren (20;16.40).

Sailkapen orokorrean, beraz, Zarautzek hirugarren jarraitzen du 66 punturekin, San Pedro eta San Juanen atzetik. Zumaia zortzigarrena da, 37 punturekin, eta Orioko bigarren taldea, berriz, hamaikagarren, 20 punturekin, azken postuan den Busturialdearen aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide