Zumaiara itzuliko da Dardarafest musika jaialdia

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 16a

Abuztuaren 20an egingo da aurtengo Dardarafest musika jaialdia, Amaiako plazan. Dardara musika Kolektiboak iragarri du dagoeneko zer taldek joko duten.

Amaiako plazako jaialdian parte hartuko duten talde eta musikarien berri ere eman dute antolatzaileek. Hala, arratseko izen handia Joseba Irazoki eta Lagunak (JIEL) izango da. Berako abeslari eta gitarristak Lagunak formazioarekin hiru disko atera ditu, azkena iaz plazaratu zuen III. Energiaz betetako kontzertua ziurtatuta izango da arrats horretan.

Zumaiako ordezkaritza ere izango da aurtengo Dardarafesten. Marlik boskotea ere igoko da Amaiako plazako agertokira. Taldeak bi disko atera ditu dagoeneko (Marlik eta Azaletik ezabatu baino lehen), eta hirugarren diskorako abestiak grabatzen aritu da azken asteotan Jurgi Taboadaren agindutara.

Doinu gogorragoek ere presentzia izango dute aurtengo jaialdian. Bilbotik datorren The Wizards taldeak hard rock estiloko abestiak aurkeztuko dituzte Zumaian. 2013an sortutako taldea, Bilbo Hiria lehiaketa irabazi zuen 2014ko amaiera, metal sailean. 

Post rock izeneko estilotzat jotzen dute Madeleine laukote donostiarra. Musika instrumentala jotzen zuen taldea bezala sortu zen, baina denborarekin ahotsak sartu dituzte beraien abestietan. 2021ean plazaratu zuten Ezin dena da Madeleinek orain arte atera duen azken diskoa. 

Oihan Delavigne bateria jotzaileak eta Ibes Mongabure gitarristak eta abeslariak osatzen dute Kuartz, jaialdian arituko den Bastidako bikotea. Blues eta rockaren uztartzeak sortzen du Kuartzen musika. Oraingoz bi disko atera dituzte, taldearen izen bereko Kuartz eta II.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide