'Iru aizpak' txalupa berritu eta uretaratu du Beduolak

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 11

Beste ontzi tradizional bat berritu eta uretaratu du Beduola Elkarteak. 'Iru aizpak' izeneko batelak pasa den larunbatean ukitu zuen berriro ura aurpegi berriarekin.

Ontzi tradizional berreskuratzeko Beduola Elkartea egiten ari den lanak fruituak eman ditu beste behin ere. Pasa den larunbatean, eguerdi partean, uretaratu zuten Iru aizpak, elkarteak berreskuratu duen azken ontzia. 

1945ean Donostiako portuan egindako batela da hau. Garin arotzak egin zuen eta Las Tres Hermanas izena jarri zion. Orduko 1.500 pezetako kostea izan zuen. Donostiako kaian egon ondoren, Hondarribira saldu zuten ontzia, eta 2010ean Algortako Itsas Egurra Haizean elkarteko kide batek eskuratu zuen. 

Horren jakitun, Jose Manuel Amiama Beloki Euskal Bateleroen presidenteak erosi egin zien, eta Tolosan zuen aroztegira eraman zuen berriztatzen lanak egitera. Behin berritu zuenean, 2018an uretaratu zuen Orion, bertan ospatu zen Batelero Egunean. Iru aizpak izena jarri zion behin berritu zuenean. 

Amiama 2021eko abenduan zendu zen, eta haren familiak Beduolari oparitu zion batela. Behin ontzia berritu eta margotu ondoren, Urolako urak ukitu zituen batelak pasa den larunbatean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide