Orio garaile Eusko Tren ligako Cidade da Coruña banderan

Mikel Eizagirre 2022ko uztailaren 10a

Emakumeen traineruak garaikurra eskuratu du Galiziako estropadaren bigarren jardunaldian, Arraun Lagunakek txandan aurrea hartu dion arren. Gizonezkoak, aldiz, euren txandako azkenak, sailkapeneko laugarrenak eta ligako hirugarrenak suertatu dira, atzoko denbora berdindu arren. Getariak lehen jardunaldiko bere marka hobetu du, txandako bigarren postua, Coruñako seigarrena eta sailkapen nagusiko bosgarrena lortuz.

Euskotren Ligako Cidade da Coruña Bandera irabazi du Oriok. Igande honetan jokatu da Galiziako bigarren jardunaldia Galiziako uretan, eta bertan lehena Arraun Lagunak izan bada ere, atzo lortutako zazpi segunduko aldeari esker nagusitu dira Orioko neskak. Kronometroak 10:58 markatu du talde horia helmugara iritsi denean, Donostiarrak baino segundu bat beranduago.

“Pozik gaude egindako lanarekin, burugogorrak izan gara eta azken unera arte borrokatu dugu”, adierazi du Uxue Urra arraunlariak. Galiziatik bandera ekarri arren, Orio Orialkiko neskak argi ibili beharko dira, sailkapen nagusian Arraun Lagunak lider kokatu baita azken emaitzen ondoren, oriotarrak 14 punturekin berdinduta.

Gizonezkoetan, lehen jardunaldiko denbora berdintsua egin arren, Orioko gizonezkoak atzo baino kokapen baxuagoa jaso dute sailkapenetan. Euren txandako azkenak, Coruñako sailkapeneko laugarrenak eta ligako hirugarrenak izan dira azken neurketarekin. Aurkariak atzo baino gogorrago topatu dituzte Orioko mutilek. 20:15, 20:12 eta 20:10eko denborekin, Hondarribia, Donostiarra eta Urdaibai gailendu zaizkie, hurrenez hurren.

Getariarrak tinko

Atzoko denbora hobetu du Getariako traineruak, helmugara 20:27an iritsita. Gauzak horrela, Galiziako neurketan seigarrenak eta Eusko Label Ligako bosgarrenak dira getariarrak, 29 punturekin. Euren txandan, hamabi segunduko tartearekin utzi dute atzean Ares, eta Kaikurekiko bi segundu eskasera geratu dira.

KAE 1 eta ETE ligak

Zumaiako eta Zarauzko traineruek ere jokatu dituzte estropadak asteburuan. KAE 1ekoen txanda izan zen atzo Pasai San Juanen, eta laugarren eta seigarren geratu ziren Zarautz Gesalaga Okelan eta Delteco Zumaia, hurrenez hurren. Erlojupeko proban egindako puntu banaketa berriaren ostean, hirugarren postuan dago uneotan Enbata ontzia, eta zortzigarren Telmo Deun

ETE ligako traineruek, berriz, jardunaldi bikoitza izan dute asteburuan, eta Hondarribiak irabazi du jokoan izan den Portugaleteko bandera. Eskualdeko traineruei dagokienean, Delteco Zumaia bosgarren helmugaratu da bi jardunaldietan, eta Zarautz Gesalaga Okelan, berriz, zazpigarren atzo eta zortzigarren gaur. Sailkapen orokorrari dagokionean, laugarren eta seigarren postuetan daude orain Zumaia eta Zarautz, hurrenez hurren. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide