‘Juanita Larondo’ patatxak geldialdia egingo du asteburuan Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 7a

Elkano Itsas Herria zeharkaldiaren barrukoa izango da ontziaren bisita. Andoni Egaña bertsolariak egingo dio harrera .Ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte herrian

Elkanoren mundu birako urteurrenaren harira makina bat ekitaldi jarri dira abian azken hilabeteotan. Horietako batek, Elkano Itsas Herria ekimen ibiltariak, geldialdia egingo du bihartik aurrera Zumaian. Datozen asteotan Getaria eta Orio ere bisitatuko ditu.

Euskal kostaldean barrena egingo den zeharkaldi baten bidez, Euskal Herriko kostaldeko herriek partekatzen duten itsas kultura zabaltzea du helburu, antolatzaileen esanetan, "herri gisa itsasoarekin dugun harremana berreskuratzeko helburuarekin".

Maiatzaren amaieran Pasaian (Gipuzkoa) egin zen Itsas Jaialdian izan zuen zeharkaldiak abiapuntua, eta irailaren 18an amaituko du bidea Ziburun (Lapurdi). Egitasmoaren barruan, Juanita Larando patatx motako bela eta arraun ontziak, hemezortzi tripulatzailerekin batera, portuz portu nabigatuko du kostalde osoan zehar, eta 30 herri inguru bisitatuko ditu. Deba-Itziarren egindako egonaldiaren ondoren helduko da patatxa Zumaiara. Andoni Egaña bertsolariak egingo dio harrera bihar 13:00etan.

Albaolako Aprendiztegi nazioarteko aroztegi eskolan eraiki dute ontzi hori, joan den mendeko 70eko eta 80eko hamarkaden artean Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitutako planoetatik abiatuta. Patatx horrek 15 metroko luzera du, arraunen nahiz belen bidez ibil daiteke eta hemezortzi lagunek osatutako eskifaia behar du aurrera egiteko.

Ontziaren egonaldiarekin batera, beste ekitaldi batzuk ere antolatuko dira. Hala, bihar, larunbatean eta igandean, 12:00etatik 20:00etara bitartean, erakusketa eta informazio puntua jarriko dute Moilaberrian.

Bihar, 20:00etan, Beheko Plaza Abesbatzaren udako kontzertua izango da Komentuan, eta larunbatean, 11:00etatik 13:00etara arraunketa saioak egingo dira.

UZTAILAK 8, BIHAR

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian.

13:00etan. Patatxaren iritsiera Deba-Itziarretik eta harrera ekitaldia Andoni Egaña bertsolariarekin.

20:00etan. Beheko Plaza abesbatzaren udako kontzertua, Komentuan.

UZTAILAK 9, ETZI

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian.

11:00etatik 13:00etara. Arraunketa eta irteerak.

UZTAILAK 10, IGANDEA

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian.

UZTAILAK 11, ASTELEHENA

Goizean zehar. Patatxaren agurra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide