Joxe Juan Azkueren oroimenezko zuri-beltzeko argazki lehiaketak badu irabazlea. Gorka Elarrek irabazi du Zumaiako XXXIV. Argazki Lehiaketa Exiliados izeneko lanarekin. Hala erabaki zuen Iñaki Larrea Lastrilla, Arbil Iciar Manterola eta Amadeo Urdiain Navas argazkilariek osatutako epaimahaiak. Ekainaren 18an bildu ziren aurkeztutako lanen artean onenak aukeratzeko eta sariak erabakitzeko. Bigarren saria Narciso Vila Vilellari eman diote Forques i foc lanarengatik, eta hirugarrena Mario Pereda Bergari Patrones argazkiarengatik. Zumaiar onenaren saria, berriz, David de Llodiok jasoko du Quien está ahí? lanarekin.
114 argazkilarik hartu dute parte Distira Argazki Elkarteak Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatutako edizioan. Guztira, 454 argazki jaso dituzte, eta galbahetik pasatu behar izan dituzte uztailaren 28an zabalduko den erakusketarako lanak aukeratzeko. Egun horretan bertan banatuko dituzte sariak.
Distirako presidente Soraya Lopezek azaldu duenez, iaztik parte hartzaile kopuruan jaitsiera izan da. "Iaz 150 argazkilarik parte hartu zuten; orain arteko parte hartze handiena izan genuen. Aurten jaitsi egin da, eta ez dakigu ondo zergatik. Beste argazki elkarte batzuekin hitz egin dugu, eta denetan ere antzera gertatzen ari dela jakin dugu. Gure kasuan, nazioarteko argazkilarien artean izan da jaitsiera nabarmenena", adierazi du Lopezek. Izan ere, Euskal Herriko eta Espainiako argazkilariez gain, parte hartzaileen artean Suitzako, Poloniako eta Argentinako argazkilari bana ere izan da.
Bestalde, Zumaiako argazkilarien maila txalotu dute antolatzaileek. Izan ere, finalisten artean herriko lau argazkilariren lanak sailkatu dira. Zumaiar onenaren saria emateko orduan, puntu berdinketa izan dela nabarmendu du Lopezek, eta epaimahaiak berdinketa hautsi behar izan duela. Erakusketaren zain egon nahi ez dutenek Distira elkartearen webgunean (www.distiraargazkielkartea.co m, Zumaiako Argazki Lehiaketa atalean) ikus ditzakete lan sarituak eta finalistak.
Lehiaketa soziala
Zumaiako Distira argazki elkarteak bazkideei zuzendutako lehiaketa soziala egin du udazkenetik maiatzera bitartean, eta sariketa horretan puntu gehien jaso dituzten irudiak Alondegia kultur etxeko sarrerako korridorean erakutsiko ditu hil honetan bertan.
Iazko udazkenaren hasieran zehaztutako gaiekin jarri behar izan zuten Distirako bazkideek irudimena eta teknika lanean. Librea zuri-beltzean eta koloretan, ateak eta leihoak, makroak, isla... horiek izan dira lehiaketa honetan landu behar izan dituzten gaiak. Hilero eman izan du Distirak saridunen berri, eta ekainean egin zuten sari banaketa ekitaldia. Orain, webean eta sareetan partekatutakoa Alondegian ikusteko aukera dago.