KAE1 ligako hirugarren eta ETE ligako laugarren jardunaldiak jokatu dira gaur Castro Urdialesen, eta bertan izan dira eskualdeko traineruak ere.
ETE ligako jardunaldia jokatu da lehendabizi, eta bi txandatan jokatu dute estropada bederatzi ontzik. Zarautz Gesalaga Okelaneko arraunlariak lehenengo txandan izan dira lehian, eta Castroko Banderaren sailkapenean seigarren egin dute. Delteco Zumaiari bigarren txandan aritzea egokitu zaio, eta hirugarren postuan sailkatu dira zumaiarrak Hibaikaren eta Hondarribiaren atzetik.
Hemen ikus daitezke Castro Urdialeseko emakumezkoen estropadaren denborak. Sailkapen orokorrean laugarren da Zumaia eta seigarren Zarautz. Bihar Elantxoben izango dute estropada.
KAE1 ligan, hiru txandatan aritu dira estropadan parte hartu duten hamabi ontziak. Lehenengo txandan aritu dira zumaiarrak. Camargo, Busturialdea eta Oriorekin batera aritu dira Telmo Deuneko arraunlariak, eta bigarren egin dute beren txandan, Camargo baino zazpi segundo beranduago helmugaratuta. Castroko Banderaren sailkapenean, ordea, zortzigarren egin du Zumaiak, lehenengo postuan sailkatu den Sanpedrotarra ontzia baino 39 segundo gehiagorekin.
Zarautz Gesalaga Okelan, berriz, hirugarren eta azken txandan aritu da. Lan bikaina egin du gizonezkoen traineruak, baina ezin izan dute Sanpedrotarra traineruaren lana hobetu, eta bigarren sailkatu da, bederatzi segundoko aldearekin. Orio Arraunketa Elkarteko B ontzia ere izan da lehian, eta azken postuan sailkatu da, hamabigarren.
Hemen ikus daitezke Castro Urdialeseko gizonezkoen estropadaren denborak. Sailkapen orokorrean hirugarren da Zarautz Gesalaga Okelan, hamargarren Delteco Zumaia eta hamabigarren Orio Orialki. Bihar Elantxoben izango dute estropada.