Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen pasa den larunbatean Markina-Xemeingo Unibertsitatean. Parte hartu duten Zumaiako bi puntistak aurrez aurre izan ziren frontoiko kantxan, finalerdietarako txartela lortzeko lehian. Imanol Lopezek Beaskoetxearekin osatu du bikotea; Iñaki Osa Goikoetxeak, aldiz, Salegi markinarrarekin. Urdinez aritu ziren Goikoetxeak eta Salegik bi setetan irabazi zieten Beaskoetxeari eta Lopezi: 13-15 eta 11-15.
B multzoko lehen postuan amaitu dute ligaxka Goikoetxeak eta Salegik 8 punturekin; Barandika eta Del Rio izan dira bigarren (3 puntu) eta Beaskoetxea eta Lopez hirugarren (puntu bat). Azken bikote hau kanporatua geratu da. A multzoan, berriz, sailkapena honela geratu da: Erkiaga eta Zabala lehenak 7 punturekin, Olharan eta Etcheto bigarren (4 puntu) eta Arbe eta Ibarluzea hirugarren puntu bakarrarekin.
Goikoetxea-Salegi bikoteak Olharan-Etcheto izango dituzte aurkari Grand Slameko lehen finalerdian, uztailaren 2an. Hurrengo asteburuan, uztailaren 9an, jokatuko da txapelketako bigarren finalerdia: Erkiaga-Zabala Barandina-Del Rioren aurka.