ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu dira eguerdian Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko ekainaren 26a

Zumaiak hartu ditu gaur KAE 1 eta ETE ligetako jardunaldiak. Itsaso mugitu aurkitu dute arraunlariek Zumaiako estropada eremuan, eta horrek zaildu egin du hauen lana.

ETE ligako Zumaiako V. Ikurriña eta KAE 1 ligako Zumaiako XXXVII. Ikurriña izan dira gaur jokoan. ETE ligako hirugarren jardunaldia izan da gaur jokoan –atzo arratsaldean jokatu zen bigarrena Donibane Lohizunen, Zumaiaren garaipenarekin–, eta KAE 1 ligako bigarrena. 

Emakumeek eman diote hasiera arraun saioei. ETE ligan ari diren bederatzi ontziak bi txandatan banatu dituzte: lau ontzi aritu dira lehen txandan, eta beste bostak bigarrengoan. Itsasoan jokatu dira gaurko banderak, eta itsaso mugitua aurkitu dute eskifaiek. Delteco Zumaiak egin du ziabogan denbora onena, baina ezin izan die Hibaikaren eta Hondarribiaren erasoari eutsi, eta hirugarren postuan amaitu du. Lehen txandan aritu den Zarautz Gesalaga Okelan ontzia, berriz, laugarren izan da ohorezko txandan aritu diren bi ontzik baino denbora hobea eginda. Zumaiako bandera Hondarribira joan da. 

Hemen ikus daitezke gaurko emakumeen estropadako denborak. Sailkapen orokorrean laugarren da Zumaia eta seigarren Zarautz. Datorren larunbatean Castro Urdialesen izango dute estropada.

KAE 1 ligako estropada jokatu da jarraian, denboraldiko bigarrena. Delteco Zumaia eta Orio Orialki lehen txandan aritu dira, eta Zarautz Gesalaga Okelan bigarrengoan. Ondo hasi du estropada Zumaiak, eta aurrena izan da lehen ziabogan Camargoren aurretik. Bigarren ziabogan denbora bera egin dute bi ontziek, eta hirugarrengoan aurrea hartu dute kantabriarrek. Camargo egin du denbora onena lehen txandan, Zumaiaren aurretik. Orio, berriz, laugarren izan da. 

Zarautz bigarren txandan aritu da, eta lehia polita izan du Pedreñarekin. Alde handiagoarekin batzutan, txikiagoa besteetan, baina kantabriarrek branka erakutsi diete Zarauzkoei, eta hala amaitu dute bigarren txanda. Biek ala biek ohorezko mailako Hondarribiaren eta San Juanen denbora hobetu dute, baina, eta Zarautzek laugarren postuan amaitu du estropada. Zumaia hamargarren izan da, eta Orio hamabigarren. Bandera Arkotek irabazi du.

Hemen ikus daitezke Zumaiako estropadako denborak. Sailkapen orokorrean hirugarren postuan da Zarautz Gesalaga Okelan, hamargarren Delteco Zumaia eta hamabigarren Orio Orialki. Datorren asteburuan bi estropada izango dituzte: Castro Urdialesen larunbatean, eta Elantxoben igandean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide