'Zarata' ekimenak geldialdia egingo du bihar Zumaian, LGTBI+ kolektiboaren bizipenak zabaltzea xede

Maria Maya Manterola 2022ko ekainaren 26a

Zarata proiektua bihar, astelehenarekin helduko da Zumaiara. Hodei Arrastoak zuzendutako ekimenak LGTBI+ kolektiboaren parte diren norbanakoen errealitatea bistaratzea du xede, eta Harrotasun Egunaren bezpera baliatu dute herrira ekartzeko. Audiogida erako erakusketa izango da, eta Alondegiko Oxford aretoan 45 minutuko ibilbidea egitera gonbidatuko dituzte entzuleak.

Hiruki Larroxa kolektiboaren babesarekin sortu du proiektua Arrastoak, eta guztira, hamar aktorek parte hartu dute istorio horien kontaketan. Tartean dira Telmo Irureta eta Sambou Diaby aktore zumaiarrak ere. 

Bisitak 16:00etatik 19:00etara bitartean izango dira, eta guztiak ibilbide bera egingo dute. Euskaraz edo gazteleraz entzun ahal izango dira audioak, eta ezinbestekoa izango da horretarako sakelekoa eramatea. 

Arrastoaren arabera, LGTBI+ kolektiboarekiko dagoen ikuspegia lesbiana, gay eta trans pertsonetara mugatzen da, baina talde horren parte diren errealitate desberdinei ikusgarritasuna eman nahi izan die. "LGBTI+ kolektiboaren parte garen norbanakoak gara soilik eta gure bizipenak eta istorioak duintasunez azaldu nahi dizkiegu euskal herritarrei, ezjakintasunak dakartzan tabuek sorrarazten dizkiguten egoera deserosoei aurre eginez. Galdera mordoa egin eta erantzun gutxi batzuk emango ditugu", gaineratu du erakusketaren sortzaileak.

Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak, bestalde, gizarte inklusibo batera iristeko egin beharreko bide luzea aipatu du, eta bide horretan beharrezkoak iruditzen zaizkio Arrastoarena bezalako proiektuak. Bestalde, gogora ekarri nahi izan du udala LGTBI+ kolektiboaren inguruko lanketa egiten ari dela Eihera kooperatibarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide