Zumaia eta Mutriku, Mutriku eta Zumaia. Bi herrietako pilotariak neurtu ziren atzo Aitzuri frontoian zesta-puntako Herriarteko Txapelketako finalean. Hiru kategoriatan jokatu ziren partidak: kadete, jubenil eta senior mailan, hain zuzen.
Kadetetan Amets Etxabek eta Frida Watkinsek ezer gutxi egin izan zuten Mutrikuko bikotearen aurka, eta Lete eta Agirregomezkorta mutrikuarrak izan ziren nagusi 30-7 emaitzarekin. Tanto kopuru bera izan zen jubenil mailako partidan, baina kasu honetan zumaiarren alde. Gonzalo Agirrek eta Danel Odriozolak 30-7 emaitzarekin irabazi zieten Mutrikuko Beristain eta Ansolari.
Banako berdinketarekin, senior mailako partidan erabakiko zen zer herrik irabaziko zuen aurtengo Herriarteko Txapelketa. Zumaiarren aldetik Eduardo Agirrek eta Unai Urangak jokatu zuten; Mutrikuren aldetik, berriz, Urreistik eta Mancisidorrek. Partida berdindua izan zen, baina azkenean mutrikuarren aldekoa izan zen, 30-26 emaitzarekin. Hauek jantzi zituzten garaileen txapelak.