Elkarren alboan, baina mugek banatuta. Administratiboki herri batekoak izanda ere, bizitza hurbilago duten herrigunean egiten duten bizilagunak. Antzerako egoerak bizi dituzte eskualdeko herri edota auzo batzuetan. Narrondoko kasua da bat, baita Endoiakoa edota San Lorentekoa ere.
Egunerokoan muga administratibo horiek herritarrengan sor ditzaketen arazoak saihestu nahian hitzarmena sinatu dute Zumaiako, Zestoako eta Debako udalek, baita Itziarko Auzo Udalak ere. Hala jakinarazi zuten atzo Zumaiako Jadarre auzunearen atzealdean, hiru herriak lotzen dituen mugarriaren bueltan, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak, Zestoako alkate Mikel Arregik, Debako alkate Gilen Garciak eta Itziarko alkate Arantza Egañak.
Udalerriak elkarri itsatsita egon arren, hiru udalerriak bi bailaratan –Deban eta Urolan–, eta hiru eskualdetan banatuta daude: Zumaia Urola Kostan, Urola Erdian Zestoa eta Debabarrenean Deba-Itziar. Horrek hiru herrien arteko harremana zaildu izan du.
Herritarrei bideratutako zerbitzuen antolaketan, garapen sozioekonomikoan eta ingurumenaren kudeaketan estrategia bateragarriak eman ahal izateko antolaketa iraunkor baten beharra ikusi zuten herri erakundeek, eta sinatu duten lankidetza hitzarmena da horren emaitza. Egin duten akordioak lau ekinbide izango ditu. Hala, herritarren zerbitzuan, herrien sozioekonomian, ingurumenean eta kulturan eta ondarean izan nahi du eragina udalen arteko itunak, sinatzaileek adierazi zutenez.
Arazoak saihesteko
Ostolazak atzoko ekitaldian azaldu zuenez, helburua ez da beste entitate bat sortzea, herrien eta herritarren arteko lankidetza erraztea baizik. "Inguruko baserri batzuek arazoak izaten dituzte. Adibidez: baserri batzuk Zumaiatik hurbil daude, baina administratiboki Debakoak dira, eta horrek zailtasunak eragiten dizkie", aipatu zuen.
Udalerrien mugek banalerroen inguruan bizi diren herritarrengan sortzen dituzte batik bat; hala nola, bideen hobekuntzan, hondakinak biltzeko orduan edota uraren horniduran. "Udal batek eman dezake zerbitzua eta beste udal batek kobratu", azaldu zuen Ostolazak. Hitzarmenaren arabera, deskoordinazio horrek herritarren zerbitzuan eragin kaltegarria izateaz gain, udalen tasen kobraketan ere desorekak sortzen ditu, eta kasu batzuetan, udalek emandako zerbitzua ez da kobratzen.
Arlo sozioekonomikoan lankidetza esparru ezberdinak sustatzea ere beharrezkoa ikusi dute. Horrez gain, hitzarmenean jasodute hiru udalerrietako turismo eredua lantzeko edo merkataritza suspertzeko elkarlanaren beharra. Larrialdi klimatikoaren aurrean, berriz, partekatzen duten lurraldea zaintzea eta baso politika egoki bat garatzea lehentasuna izan behar duela diote.
Hiru udalerrien arteko muga inguruan dagoen ondarea "babestu, ikertu eta ezagutzera emateko proiektuak lantzea" ere ezinbestekoa ikusten dute DebaItziarkoek, Zestoakoek eta Zumaiakoek. Baita mugakideak diren populazio-guneen (Narrondo, San Lorente, Endoia) kultur eta festa jardueretarako dirulaguntza irizpide "bateratuak eta koordinatuak" adostea ere. Udalerrien mugak zehazten dituzten mugarriak berreskuratu eta horien ezagutza sustatzea; kultur eta festa arloan, herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen elkar-trukaketa, edota kirol arloan egitasmo komunak lantzea ere jaso dute akordioan.
Mikel Arregi Zestoako alkateak gogoratu zuen Debarekin duela Zestoak mugarik handiena, eta bi herrien artean ez dagoela lotuko dituen errepiderik ere. Aipatu zuen Zestoako auzo batzuek, Arroabeak kasu, lotura handiagoa dutela Zumaiarekin, Zestoa berarekin baino.
Debako alkate Gilen Garciak, berriz, herrigintza sustatzeko auzoekin egindako lanketaren garrantzia azpimarratu zuen, eta Deba eta Itziarren arteko harremana jarri zuen adibide gisa.
Emaitzak jada
Akordioa sinatu aurretik hainbat alditan bildu dira lau alkateak, eta lankidetza gogoak jada emaitzak eman ditu: Eskola Kirol Egokituko programa da horren adibide. Urtean zehar biltzen jarraitzeko borondatea erakutsi zuten atzoko ekitaldian.