Uretaratzeko garaia iritsi da

Onintza Lete Arrieta, Gorka Peñagarikano, Amaia Urbieta Arruti 2022ko ekainaren 17a

Igande honetan hasiko dira bigarren mailako gizonezkoen nahiz emakumezkoen traineru denboraldiak, eta lehiari ekiteko ilusioz eta gogotsu daude Zarauzko eta Zumaiako bi traineruak.

48 ordu besterik ez dira falta esperotako unea iristeko: hau da, denboraldi honetako traineruen ETE eta KAE1 ligak hasteko. Izan ere, "negua gogorra eta luzea" izaten da arraunlarientzat, eta arraunak astintzeko gogotsu eta motibatuta daude denak. Igandean Pasaian (Gipuzkoa) izango dute hitzordua eskualdeko bost traineruk: Zarauzko eta Zumaiako gizonen zein emakumeen traineru nagusiek, eta Orioko gizonezkoen bigarren traineruak. Liga hasiera bezperetan, Zarauzkoekin eta Zumaiakoekin izan da Urola Kostako Hitza denboraldi berriaz dituzten helburuak aletzeko. Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) gizonezkoek, esaterako, iaz maila gorenean lehiatzearen balentria atzean utzi, eta KAE1 ligan jarriko dituzte indar guztiak igandetik aurrera. Jon Artola elkarteko presidenteak azaldu duenez, maila jaitsiera izan duten arren, "negua ez da izan berezia". "Gure helburu nagusia beti ahalik ontzi lehiakorrena ateratzea izaten da", azaldu du.

Iaztik baja batzuk eduki dituzte ontzian; Aitzol Garro patroiarena, esaterako. Iker De la Linde Hondarribiko bigarren patroiak ordezkatuko du hori. "Hondarribin ez du jokatzeko aukera handirik, eta gurean, berriz, Gaizka Garmendiarekin txandakatuko da. Garmendia altua da, eta itsaso barean kaltetu egiten du trainerua haren pisuak". Itsasoaren arabera aterako da, beraz, bat ala bestea.

Asier Puertasek jarraituko du entrenatzaile, eta Artolak uste du borrokan Arkoterekin, San Juanekin, San Pedrorekin eta Pedreñarekin ibiliko direla. "Neguko jaitsierak izan ohi dira erreferentzia, eta hor ibili dira ondo Arkote, San Juan, Zumaia... Ikusiko dugu zer gertatzen den", gaineratu du. 

"Mutilak animatuta daude, eta bai mutiletan, bai nesketan, oso giro ona igartzen da azken urte honetan. Elkar animatzen dute, barre ugari egiten dute eta serio aritzen dira lanean", azpimarratu du ZAEko presidenteak.

"Koskatxo bat igo nahi da"

ZAEko nesken traineruari dagokionez, aurten hemeretzi arraunlarik eta patroiak osatu dute taldea, eta entrenatzaile lanetan Onintza Olaizola ariko da, iaz bezala. Dena den, neguan San Juanek erabaki zuen trainerua ez ateratzea arraunlari faltagatik, eta hango entrenatzaile Jose Luis Perez Koteli Zarautzera etorri da. Printzipioz, datorren urtean bera izango da proiektuari jarraipena emango dion entrenatzailea, eta denboraldi honetan Olaizolarekin batera ibiliko da entrenatzaile. Arraunlariei dagokienez, aurreko denboraldiko arraunlari gehienek jarraitu egiten dute, eta taldera batu dira batzuk: bi arraunlari Lapurditik itzuli dira etxera, Getariatik ere arraunlari bat etorri da, eta beste bat San Juanetik.

Lapurditik etorri denetako bat da Leire Arrojeria zarauztarra, eta berak azaldu duenez, aurtengo denboraldian klubak "baliabide gehiago jarri du, eta apustu handiagoa egin du emakumeen traineruaren alde, arraunak erosiz eta materialean inbertituz, baita giza baliabideetan ere".

Denboraldiko helburua zein den ere argitu dute Zarauzkoek. "Iazko helburua zen emakumezkoen trainerua ateratzea eta proiektuari hasiera ematea, ia arraunlari guztiok berriak ginelako. Aurtengoa da proiektua egonkortzea eta iazko emaitzak hobetzea. Aurreko urtean ligan azken hirugarrenak izan ginen, eta lehenengo txandan nagusi izan ginen; batzuetan bigarren txandakoekin jokatzea ere lortu genuen, eta aurtengo helburua izango litzateke bigarren txanda horretan lehiatzea eta koskatxo bat igotzea aurreko urtearekin alderatuta. Ohorezko txandakoekin lehiatzerik baldin badugu, askoz hobeto".

Iazko postua hobetzea, ordea, zailagoa izan daiteke aurten, iaz 11 talde zirelako ETE ligan, eta aurten, berriz, bederatzi. Izan ere, desagertu egin dira ETEn aritzen ziren Lutxana, San Juan, Lapurdi eta Isuntza –eta Hernani eta Portugalete sortu dira–.

"Ilusioa eta motibazioa" azpimarratu ditu Arrojeriak taldea definitzerakoan. "Elkarrekin hasi gara arraunean eta elkarrekin jarraitzen dugu Zarauzko emakumezkoen traineruari forma eta bizitza ematen".

Igandeko estropadarako «gogotsu» daudela esan du Arrojeriak, eta helburua beren arraunkerarekin asmatzea eta sentsazio onekin arraun egitea izango dela, "baita beste taldeekin indarrak neurtzea ere".

Igoera xede Zumaiakoek

Zumaiako neskak ere iganderako irrikaz daude. Hala esan dute, behintzat, Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko Naikari Galarragak eta Maddi Iriarte arraunlariek: "Gogo handia daukagu iganderako eta denboraldia hasteko, negu gogorra pasatu dugulako. Ilusioarekin batera urduritasuna ere badugu, aurreneko estropada izango delako eta urduritasun puntu hori beti egoten delako".

Denboraldiko helburua, berriz, argi dute zein den: "Mailaz igotzea". Hurrengo denboraldian Euskotren ligan lau ontziren ordez zortzi lehiatuko dira, eta "ETEko aurreneko bi sailkatuek ez dutenez igoerarik jokatu behar, kristoren aukera da mailaz igotzeko", iritzi diote. "Aukera aprobetxatu egin behar da", azpimarratu dute. Horretarako "talde polita" dutela uste dute: "Traineruan aurreneko urtea duten jubenilak baditugu, baina pixkanaka taldea osatzen ari gara, eta uste dugu denboraldia aurrera doan heinean maila erakutsiko dugula".

Joseba Esnal Telmo Deuneko presidenteak azpimarratu du klubak harrobiarekin egiten duela lan: "Ez dugu fitxajerik egiten, eta horrek ahalegin handiagoa eskatzen du, baina hori da gure filosofia, eta ikusiko dugu denboraldian zer gertatzen den". KAE1ean "borroka oso handia" dagoela uste du: "Ikusi besterik ez dago zer elkarte dauden: San Juan, San Pedro, Pedreña... Horiek orain urte gutxi Eusko Label ligan banderak irabazten aritzen ziren, eta gu hortxe gaude. Helburua izango da, noski, maila mantentzea, eta uste dut erdiko txandan ibil gaitezkeela, eta hortik gora. Denboraldiaurrean ez dugu erregulartasun handirik ikusi taldeen artean, eta horrek ilusioa eragiten digu".

Mutilen traineruan sei baja eta lau alta egon dira aurten, eta Esnalek esan du berak presidente daramatzan lau urteetan "mutil guztiak" harrobikoak direla. "Ez dakit beste elkarteek halakorik esan dezaketen; guretzat harro egoteko modukoa da", nabarmendu du.

Neskei dagokienez, aitortu du urtarrilean "arazo handiak" izan zituztela trainerua osatzeko. "Gehienak jubenilak dira, eta lau arraunlari ekarri ditugu kanpotik trainerua osatu ahal izateko, iaztik hona hamabi baja eduki ditugulako". Horregatik, uste du "ziklo berria" hasi dutela horiek.

Nesken harrobiari dagokionez, infantilak eta kadeteak "oso onak" datozela azpimarratu du, baina unea iritsi arte "klubaren lana da horiek zaintzea eta mimatzea; emaitzak etorriko dira gero". Kontuak kontu, nesken helburua ohorezko txandan sartzea dela uste du, "zaila izango den arren".

Traineru ligen egutegia

KAE1

Ekainak 19, igandea. Pasaia.
Ekainak 26, igandea. Zumaia.
Uztailak 2, larunbata. Castro Urdiales (Kantabria, Espainia).
Uztailak 3, igandea. Busturialdea.
Uztailak 9, larunbata. San Juan.
Uztailak 16, larunbata. Pedreña (Kantabria, Espainia).
Uztailak 17, igandea. Orio.
Uztailak 23, larunbata. Trintxerpe.
Uztailak 30, larunbata. Camargo (Kantabria, Espainia).
Abuztuak 7, igandea. Hondarribia.
Abuztuak 13, larunbata. Plentzia.
Abuztuak 15, astelehena. Castro Urdiales (Kantabria, Espainia).
Abuztuak 20, larunbata. Zarautz.
Abuztuak 21, igandea. Bilbo.
Abuztuak 27, larunbata. Play-off-etako lehen jardunaldia. Colindres.
Abuztuak 28, igandea. Play-off-etako bigarren jardunaldia. Erandio.

ETE LIGA

Ekainak 19, igandea. Hernani.
Ekainak 25, larunbata. Donibane Lohizune.
Ekainak 26, igandea. Zumaia.
Uztailak 2, larunbata. Castro Urdiales.
Uztailak 9, larunbata. Portugalete.
Uztailak 10, igandea. Portugalete.
Uztailak 16, larunbata. Pedreña.
Uztailak 17, igandea. Orio.
Uztailak 23, larunbata. Errenteria.
Uztailak 30, larunbata. Camargo.
Abuztuak 6, larunbata. Ondarroa.
Abuztuak 7, igandea. Hondarribia.
Abuztuak 13, larunbata. Castro Urdiales (Kantabria, Espainia).
Abuztuak 20, larunbata. Zarautz.
Abuztuak 21, igandea. Bilbo.
Abuztuak 28, larunbata. Erandio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide