Normaltasunaren udari begira

Aritz Mutiozabal 2022ko ekainaren 10a

Aldundiak 1,5 milioi bideratuko ditu aurten Gipuzkoako hondartzetara. Ibon Elorzak kudeatuko ditu Zarauzko toldoak eta BPXport arduratuko da sorospenaz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak Zarauzko hondartza aukeratu du uda denboraldiaren hasierako ekitaldia egiteko. Ohi bezala, ekainaren 15etik irailaren 15era izango da, baina eguraldi eguzkitsua aliatu bihurtu da dagoeneko, eta jendea hondartzaz gozatzen ari da egunotan. Gainera, azken bi urteetan desagertuta egon diren toldoak agertzen hasi dira pixkanaka-pixkanaka. Aurtengo  "normaltasun" denboraldiari begira dituzten aurreikuspenak azaltzeko baliatu dute ekitaldia, eta, besteak beste, bertan izan dira Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta Xabier Txurruka alkatea.

"Guztiok desiatzen gaude murrizketarik gabeko hondartza denboraldiaren olatua hartzeko. Zarauzko hondartzak bere jantzirik onenak soineratu ditu. Toldoak hilabete hasieratik jarrita daude, eta gainerako zerbitzu guztiak ekainaren 15etik aurrera eskuragarri izango dira. Aurten, Zarauzko Udalak esfortzua egin du, eta bertako komunak eta dutxak doan erabiltzeko aukera izango da", esan du Txurrukak.

Adjudikazio prozesuaren ondoren, toldo zerbitzuaren kudeaketa Ibon Elorzari egokitu dio udalak  2022rako eta 2023rako;  esleipena lau denboralditarako izan daiteke gehienez ere, luzapenekin. Hondartzako sorospen zerbitzuaz, berriz, BPXport XXI SLU enpresa arduratuko da. Hondartzako segurtasuna 11:00etatik 20:00etara egongo da bermatuta, 21 soroslerekin,   eta sei bainu gune mugatuko dituzte. Iaz bezala, aurten ere portuko bainu gunea irekiko dute, sorospen zerbitzuarekin.

Udako aldaketarik nabarmenena malekoiko bainu eta aldagelen funtzionamendua izango da: horien erabilera guztiz doakoa izango da. Munoan eta Garman eskaintzen den zerbitzua martxan egongo da irailaren 15era arte, 10:00etatik 20:00etara. Horiez gain, komun publikoak ere aurki daitezke toldo zerbitzuaren etxolaren ondoan eta Borghettoko kantinan.


"Planifikazio berria"

"Normaltasunera bueltatzen ari gara", adierazi du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: "Jasangarria izan behar duen normaltasun berrira, baina bereziki guztiok gozatzeko moduko uda izan behar du. Ez da erraza buelta ematea bizi izan dugu egoerari, baina aldunditik landu den programa eta planifikazio berriari esker posible izango da", nabarmendu du. Horretarako, 1,5 milioi euro bideratu ditu aldundiko Ingurumen departamentuak, zehazki, Gipuzkoako hondartzen garbiketarako, bideometria sarerako, Nik Hondartzak aplikazioa eguneratzeko, sentsibilizazio kanpainetarako eta salbamendu zerbitzuan laguntzeko.

Hondartzen Mahaian adostutakoarekin jarraituz, mantendu egingo dute pandemia garaian Gipuzkoako hondartzetan segurtasuna eta edukiera kontrolatzeko martxan jarritako Nik Hondartzak aplikazioa, eta funtzionaltasun berriak egin dizkiote. Tokian tokiko okupazio indizea neurtzeaz gain, uda honetan itsasoaren egoeraren informazio zehatza –olatuen ezaugarria, mareak eta puntu arriskutsuak– eta hondartzen zuzeneko irudiak jasotzeko aukera emango du aplikazioak.


Kanpaina, igandera arte

Atzo bertan hasi zuen Zarautzen aldundiak lehen aldiz Elkartasun Olatuak kanpaina ibiltaria, Emausekin eta Elikagaien Bankuarekin lankidetzan. Furgoneta bat Gipuzkoako hondartzetatik ibiliko da udan zehar, eta udalerri bakoitzean astebeteko egonaldia egingo du. Zarautzen igandera arte egongo da; Getarian, ekainaren 20tik uztailaren 3ra; eta Zumaian, uztailaren 11tik 17ra.

Sentsibilizazio kanpainak bi helburu nagusi izango ditu. Alde batetik, herritarrek zakarrontziak ondo erabil dezaten eta hondakinak gaika bereizi nahiz bildu ditzaten sustatzeko tailerrak eta jokoak egingo dituzte, haurrentzat zein helduentzat, Emaus Fundazioak gidatuta. "Elkartasunari, ingurumenari eta pertsonei zuzendutako kanpaina da gurea. Jasangarri izateak hiru ardatz horiek baititu ezinbestean», zehaztu zuen fundazioko komunikazio arduradun Begoña Cabaleirok. "Ardura bat dugu hondartzekiko, eta gure erantzukizuna da haien erabilera zuzena egitea", gaineratu zuen.

Bestetik, elikagaiak bilduko dituzte Elikagaien Bankurako, egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioz geroz eta pertsona gehiago dagoelako beharrean. Elikagaiak behar dituzten pertsona kopurua areagotu egin dela jakitera eman zuen Carlos Martinez Elikagaien Bankuko presidenteordeak. Bere esanetan, arrazoia bikoitza izan da: Ukrainako gerratik ihesean etorri diren pertsonak ugaritu dira eta oinarrizko produktuen igoerak ere eragina izan du. Era berean, bereziki ondorengo elikagaiak bilduko dituztela azpimarratu zuen: olioa, arrain kontserbak, arroza, pasta eta leka lehorrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide