Kirol eskaintza zabala izango da udan

Iñigo Gaiton 2022ko maiatzaren 19a

Haur eta nerabeei zuzendutako era guztietako ikastaro eta udalekuak antolatu dituzte eskualdeko kostaldeko herrietan: igeriketa, surfa, tenisa...

Udako hilabeteak hurreratzen ari diren honetan, kostako zenbait herrietan plazaratu dute haur eta gaztetxoei zuzendutako ikastaroen inguruko informazioa.
Aurten ere, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaian kirol desberdinetan trebatzeko eta gozatzeko aukera izango dute umeek, eta ohikoa den modura, oparoa da aurtengo eskaintza.
Hala, antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko ireki dituzte izena emateko epeak hainbat ikastarotan, eta horien inguruko zehaztapenak jarraian irakur daitezke.
Bestalde, Getariako Udalak adierazi du oraindik ez dutela prestatu udako eskaintza. Azaldu dutenez, aurrerago emango dute antolatuko dituzten ikastaroen berri.

Aia
Aiako Udalak plazaratu duenez, aurten igeriketa eta tenis ikastaroak eskainiko dituzte haurrentzat.
Igeriketa uztail osoan zehar emango dute, astelehenetik ostiralera, eta 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako ikastaroa izango da. Tenisa, berriz, uztaileko lehen hamabostaldian egingo dute soilik, eta 7 urtetik gorako umeek parte hartu dezakete. Bi kiroletan trebatzeko aukera izango dute interesa duten haurrek, ikastaroetako ordutegiak uztartzeko modukoak direlako.
Izen ematea Aiako Kultur Etxean egin behar da, maiatzaren 27a baino lehen.

Orio
Orioko hainbat eragilek udalarekin elkarlanean antolatu dituzte haur eta gaztetxoentzako udako ikastaroak, eta zabala da eskaintza.
Izan ere, denera 11 ikastaro izango dira, eta BPXportek, Orio Bate Bizkorrek, Orioko Futbol Elkarteak, Orio Arraun Elkarteak eta Oriok Surf Taldeak kudeatuko dituzte.
Hamabost egunekoa izango da ikastaro bakoitzaren iraupena, eta txanda bat baino gehiago egitea aurreikusten dute, abuztuan barne.
Karkara.eus webgunean eskura daitezke ikastaroen inguruko informazio osatua duen dokumentua eta izena emateko bete behar den eskuorria. Bete ondoren, ikastaroa antolatzen duen entitateari entregatu behar zaio. Hilaren 31n amaituko da ikastaro guztietan izena emateko epea.
Aipatutakoez gain, Eragin Eskubaloi Klubak saio bereziak egingo ditu LH2tik LH6ra bitarteko haurrentzat ekainaren 23, 24, 27 eta 28an. Izena emateko, haiekin jarri behar da harremanetan.

Zarautz
Aritzbatalde kiroldegiak haurrei eta gazteei zuzendutako udako eskaintza aurkeztu du aste honetan. Hala, igerian ikasteko zein kirola egiteko ikastaro intentsiboak antolatu dituzte uztailerako, bi txandetan banatuta: lehena uztailaren 1etik 14ra izango da, eta bigarrena, uztailaren 15etik 30era.
Kirol Txokoetan jarduera ugari probatzeko aukera izango dute LH1-LH3 eta LH4-LH6 bitarteko haurrek, goizero lau orduz, kirolaz gozatzeko eta ondo pasatzeko asmoarekin. Saioak aretoetan nahiz uretan egingo dituzte, baita kiroldegitik kanpo ere.
Era berean, igeriketa ikastaro intentsiboak eskainiko dituzte goizero; udan igerian trebatu eta freskatu nahi dutenentzat. DBH1-4 maila bitarteko gazteentzat, gainera, Gaztefit eskaintza izango da: goizero bi orduz igerilekuan, lehorrean zein kalean egingo dituzte saioak, kirol ezberdinak ezagutuz eta praktikatuz.
Ikastaro intentsiboez aparte, aurten berrikuntza gisa, igerilekuan haur jaioberrientzako ikastaroak ere eskainiko dira uztailean, kirol egokituko ikastaroekin batera. Horiek guztiak astean behin izango dira.
Izena Aritzbatalde kiroldegiko harreran eman behar da. Momentuan gauzatuko da inskripzioa, eta iriste ordenaren arabera osatuko dira onartuen zerrendak.

Zumaia
Aurten ere Zumaiako Kirol Patronatuak antolatu ditu kirol ikastaroak eta udalekuak. Ekainean, igeriketa ikastaroak egingo dituzte 3 urtetik gorako haurrentzat. Izen ematea zabalik dago dagoeneko, eta irekita egongo da maiatzaren 27a bitartean.
Uztailetik aurrera ere izango da igeriketa ikastaroak egiteko aukera Zumaian. Horietan izena emateko epea ekainaren 6tik 17ra egongo da irekita.
Kirol Udalekuak ere antolatu dituzte uztaileko bi hamabostaldietarako LH5 eta DBH2 bitarteko haurrentzat, goizez, eta kirol desberdinak uztartzeko aukera izango dute haurrek (tenisa, padela, arrauna, piraguismoa, ur jolasak...). Izen ematea irekita dago dagoeneko, eta zabalik egongo da ekainaren 3a bitartean.
Horiez gain, 14 eta 16 urte bitarteko nerabeek ere izango dute zer gozatua, eta haientzat multifitness eta cycling ikastaroak antolatu dituzte. Ekainaren 6tik 17ra izango da inskripzioa egiteko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide