Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dute eskualdeko hainbat herritan

Ihintza Elustondo 2022ko maiatzaren 3a

Ihurrita elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dute igandean, erroten bueltako jakintza gizarteratzeko asmoz. Horren harira, ekintzak antolatu dituzte Aian, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman eta Zumaian.

Lehen aldiz, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dute igandean, maiatzak 8. "Jendeak errotak hobeto ezagutzeko eta ondare elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko" antolatu du egun hori Ihurrita errota sustatzeko elkarteak, lurralde osoko hainbat erakunderen nahiz eragileren laguntzarekin. "Errotak gure ondare historikoaren, teknologikoaren, antropologikoaren eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan garrantzi handia izan dute Gipuzkoako garapen sozialean, ekonomikoan eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira errotak, ondare adierazgarria, gizakiak bere ingurunearekin dituen harremanei buruz nahiz gure kulturaren eta historiaren parte diren iraganeko bizimoduei buruz hitz egiten dutenak", adierazi dute Ihurrita elkartekoek.

Errotek Gipuzkoaren historian izan duten pisua nabarmendu du elkarteak, eta adierazi du mendeetan zehar hainbat zereal mota ehotzeko baliatu izan direla errotak, energia hidraulikoaren bidez. "Arto amerikarraren etorrerak eta hori gure lurraren ezaugarrietara ondo egokitzeak biderkatu egin zuen erroten kopurua,  eta horiek Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu ziren. Hainbat mendez martxan izan ziren errota horiek guztiak, baina pixkanaka, bigarren mailan geratzen joan ziren". Iraganean izan zuten garrantzi ekonomikoa galdu duten arren, errotek balio handia izaten jarraitzen dute gaur egun ondare gisa, gizarte baten jakintzari erabat lotuta egon zirelako.

Jakintza hori gizarteari transmititzeko asmoz antolatu dute Gipuzkoako Erroten Eguna. Egun horren harira, askotariko ekintzak izango dira datozen egunetan Gipuzkoako hainbat herritan, baita eskualdean ere. Hain zuzen ere, Aian, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman eta Zumaian izango dira jarduerak.

Hainbat ekintza eskualdean

Aian, Agorregi izeneko errota dute, eta bisita gidatuak izango dira han igandean; 11:15ean euskaraz, eta 12:00etan gaztelaniaz. 45 minutuko iraupena izango dute bisitek, eta doakoak izango dira. Bisitan zehar, erroten historia, haien jarduna nahiz garapena izango dituzte hizpide, eta errotak nola funtzionatzen zuen ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Erreserbak egiteko, iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi edo 943-83 53 89 telefonora deitu behar da.

Azkoitian, doako bisita gidatua egingo dute Egurbide errotara, igandean. 10:30ean izango da bisita, eta Egurbide Monumentu Multzoaren inguruko azalpenak emango dituzte saioan. Parte hartzeko plaza kopurua mugatua da, eta horregatik, interesa duten herritarrek kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi  edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu beharko dute.

XVII. mende hasierakoak dira Egurbide Monumentu Multzoa osatzen dute Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak. Aldiz, XVIII. mendekoa da Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita, eta XVI. mendekoak Egurbideko errotak eta burdinolak. Egurbideko burdinolari buruzko dokumentazioa, aldiz, 1568. urtekoa da. 2008ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuen, hain zuzen, Sailkatutako Kultura Ondasuna. Nahiz eta burdinolako eraikin nagusia egun ez egon, goratutako deposituaren instalazioek, ur jauziak eta atxikita dauden eraikinek balio kulturala dute.

Azpeitian, Loiola auzoan kokatuta dagoen Igarako errota bisitatu ahal izango da igandean. Hain zuzen ere, Ekoetxeak antolatuta, gune hori ezagutzeko bisita bana izango da 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan hasita. Bisitan parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko.

Beizaman ere, udalak bat egin du Gipuzkoako Erroten Egunarekin, Igaratxoko eta Sarasolako Erdi Aroko errotak ezagutzera emateko asmoz. Sergio Diezek eta Javi Castrok urtebete baino gehiago daramate Beizamako erroten inguruan ikertzen, eta egindako azterketaren arabera, 1550. urterako bazegoen Igaratxoko errota, eta agian, lehenago ere bai. Urte askotan errota gisa soilik baliatu ostean, 1919. urtean argindarra sortzeko erabiltzen hasi ziren gunea –errota ere mantenduz–, eta 1968. urtera arte jarraitu zuten horretan. Udalaren arabera, "oso kasu berezia" da Beizamakoa, jatorrizko errotan ez zutelako ia aldaketarik egin argindarra sortzen hasi zirenean.

Gaur egun, garai batean errota izan zirenen aztarna batzuk mantentzen dira. Errota horiek eta bailarako bizitzan izan zuten garrantzia gertutik ezagutzeko, Beizamako Udalak hitzaldia eta bisita gidatua antolatu ditu. Solasaldian, Diezek eta Castrok Beizaman kokatutako Erdi Aroko errota horien garrantzia azalduko dute, arkeologiaren, antropologiaren eta etnografiaren ikuspegitik ez ezik, baita bailarako pertsonen bizitzan izan zuten garrantziaren ikuspegitik ere. Beizamako udaletxean izango da saioa, ostiralean, 18:00etan hasita, gaztelaniaz. Igandean, berriz, Sarasolako errota elektrikoa ikusteko bisita gidatua izango da, eta aukera badago, ondoan dagoen Igaratxoko errotaren aztarnak ere bisitatuko dituzte. 11:00etan izango da saioa, udaletxetik abiatuta, euskaraz.

Bi saioak Diezek eta Castrok gidatuko dituzte. Jarduera horietan parte hartzeko, izena eman behar da Beizamako Udalean, modu hauetakoren batean: udaletxera joanda, 943-81 63 38 telefonora deituta, udala@beizama.eus helbidera idatzita edo 628 11 15 85 zenbakira whatsapp mezua idatzita. Izena ematerakoan, parte hartzaile kopurua, horien izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztu behar dira.

Zumaian, Mareaerrota plaza inauguratuko dute igandean, 12:00etan. Parrokiaren azpian, Ardantzabideko hasieran, dagoen plazari izen hori jarri diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide