Aurtengo denboraldian emaitza apartak lortu ditu Maddi Iraola (Zumaia, 2007) eskiatzaile gazteak. Neguko hilabete oparoen ondoren, udaberrian ere urrats handi bat eman du bere kirol ibilbidean, Aragoiko (Espainia) errendimendu altuko CETDI programan sartuta.
Maddiren aitak, Jon Iraolak, aletu ditu lorpenaren nondik norakoak. “Maddi Jakako talde pribatu bateko kidea izan da orain arte, eta aurrerantzean, goi mailako erakunde publiko baten barruan arituko da. CETDI programak, besteak beste, Aragoiko Gobernuaren eta Espainiako Neguko Kirolen Selekzioaren babesa du” eman du jakitera.
Hala, hemendik bi hilabetera hasiko ditu entrenamenduak eskiatzaile gazteak CETDIren barruan. Dena den, datozen hilabeteen antolaketari dagokionez, ez da aldaketa handirik izango berarentzat. “Azken hiru urteotan, Maddik Jakan egin du ikasturteko bigarren hiruhilekoa, hezkuntza programa berezi baten barruan. Goizetan entrenatu egiten dute elurretan, eta arratsaldean eskolak jaso”, azaldu du Iraolak. Datorren denboraldian ere egutegi bera izango du.
Bere hitzetan, errendimendu altuko estrukturan sartu izana “bultzada handia” izan daiteke zumaiarrarentzat. “Espainiako Selekzioan hautatua izateko, CETDI-tik pasatu behar izaten da lehenik”.
Punta-puntan ibili arren, aita-alabek oinak lurrean mantendu nahi dituzte: “Maddi oso kontentu dago orain arte egin duen guztiarekin. Gaztea izan arren, esperientzia piloa bizitzeko aukera izan du, eta jende asko ezagutu du eskiaren bitartez. Etorkizunera begira, badaki oso-oso zaila dela nazioartean goran ibiltzea, beste herrialde batzuetako gaztetxoek maila ikaragarria dutelako hemengoen aldean. Ikasketetan ere oso ondo moldatzen da, eta litekeena da horri eustea, etorkizuneko ofizioa goi mailako eskiari lotutakoa izaten saiatzeko. Agian, ikasketei lotutako erabaki potoloagoren bat hartzea tokatuko zaigu urtebete barru, berriro CETDn jarraitzeko txartela lortuko balu, Jakan hilabete gehiago egin beharko lituzkeelako. Ikusiko dugu".