Atzo, asteazkena, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Donostian egin zituen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako modalitate guztietako zozketak. Hain zuzen ere, eskuzko, palako, zesta puntako eta gomazko paletako txapelketen koadroak osatu zituzten. Guztira, hamazazpi herri lehiatuko dira eskuzko txapelketan, hamabost gomazko paletan, bederatzi larruzko paletan nahiz pala motzean eta hiru zesta puntan. Eskuzkoan parte hartuko dute Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak; pala motzean arituko dira palista azpeitiarrak; Zumaiak zesta puntako txapelketa jokatuko du, eta gomazko paletako txapelketa jokatuko dute Aiak, Azkoitiak, Zarautzek eta Zestoak.
Eskuzkoan, Bergara izango du aurkari Azkoitiak, Lasarte-Oria Azpeitiak eta Tolosa Zestoak. Hiru herriek final zortzirenetan hasiko dute txapelketa, maiatzaren 15eko asteburuan. Itzulerako partidak, berriz, handik astebetera jokatuko dituzte. Azkoitiak eta Zestoak etxean hasiko dute aurtengo lehia, eta etxetik kanpo Azpeitiak. Eskuzko Herriartekoaren finala ekainaren 25ean jokatuko dute: Hona hemen koadroa:
Pala motzeko txapelketan parte hartuko duen eskualdeko herri bakarra Azpeitia da. Donostiaren aurka neurtuko dituzte indarrak hango palistek. Hain zuzen, etxetik kanpo eta final laurdenetan hasiko du lehia Azpeitiak, maiatzaren 22ko asteburuan, eta itzulerako partidak astebetera jokatuko dituzte. Palako finala ekainaren 19an jokatuko dute. Hona hemen palako txapelketaren koadroa:
Zesta puntako Herriartekoan, aldiz, Gipuzkoako hiru herrik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, horien artean Zumaiak. Sei jardunaldi jokatuko dituzte ekainaren 19ko finalaren aurretik. Zumaiarrek Mutriku eta Hondarribia izango dituzte aurkari aurtengo txapelketan, eta fase erregularreko bi herri onenek jokatuko dute finala. Maiatzaren 8an hasiko dute txapelketa, eta lehen jardunaldian Zumaiak Mutrikun aritu beharko du. Hona hemen txapelketako jardunaldi guztiak biltzen dituen koadroa:
Gomazko paletako Herriartekoan izango du ordezkaritza zabalena Urola Kostak; izan ere, Aiak, Azkoitiak, Zarautzek eta Zestoak parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Maiatzaren 8ko asteburuan hasiko dute lau herriek txapelketa, final zortzirenetan. Aiak etxean hasiko du txapelketa Errenteriaren aurka, eta Zestoak Donostiaren aurka –etxean hasiko dira zestoarrak ere–. Zarautzek eta Azkoitiak, berriz, elkarren aurka jokatu beharko dute kanporaketa, joanekoak Zarautzen hasita. Gomazko paletako finala ere ekainaren 19an jokatuko dute. Hona hemen gomazko paletako koadroa: