Gerra Ukrainan

Elkartasunez Urola Kostatik

Urola Kostako Hitza 2022ko martxoaren 10a

Ukrainako herriari eta gerratik ihesi alde egindako errefuxiatuei laguntzeko janaria eta askotariko produktuak biltzen ari dira egun hauetan eskualdeko hainbat herritan. Erakunde, talde edota boluntarioen ekimenez abiatu dituzte elkartasun bilketak.

Bereziki honako produktuak ari dira biltzen tokian-tokian: produktuak dira behar dituztenak: garbitasunerako produktuak (toallitak, pixoihalak, konpresak, hortzetako zepiloak eta pasta), ura (plastikozko botiletan) hotzari aurre egitekoak (zapatak, barruko arropa termikoa, lo-zakuak, toailak, izarak, mantak), jatekoak (prestatutako janaria latetan, kontserbak, esne-hautsa, zereal-hautsa, zopak, arroza, pasta, kafea, txokolatea, kakaoa, gailetak, barritak eta fruitu lehorrak), osasunerako produktuak (bendak, Betadine, eskularruak eta musukoak) eta bestelakoak (haurrentzako jolasak, eskolako materiala, kandelak, metxeroak, pospoloak, linternak, pilak, erabilera bakarreko platerak eta mahai-tresnak, plastikozko ontziak, kanpin-dendak eta berogailuak, berotzeko aparatuak, sorgailuak, ezinduentzako gurpil-aulkiak, makuluak, prismatikoak eta eskuzko irrati eramangarriak).

AZPEITIA

Alex Sarasua eta Vladys Kutxerenko, Azpeitian bilketa egiten ari diren lokalaren aurrean. (Maialen Etxaniz)

Joan zen larunbatetik, Ukrainara bidaltzeko produktuak biltzen ari dira Vladys Kutxerenko eta Alex Sarasua. Kutxerenkok urteak daramatza Azpeitian bizitzen, baina izatez Ukrainakoa da, eta hara begira dago gerra hotsak zabaltzen hasi zirenetik. Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Ukrainara bidaltzeko produktuak biltzea erabaki zuten Sarasuak eta Kutxerenkok, Azpeitian inor halakorik egiten ari ez zela ikusita. "Ohartu ginen herri askotan ari zirela elkartasun bilketak egiten, eta guk ez genuen entzun Azpeitian halakorik martxan zegoenik. Beraz, geuk egitea erabaki genuen", kontatu du Sarasuak.

Ukraina-Euskal Herria elkartearen bitartez bidaliko dituzte jasotako produktuak Ukrainara. Izan ere, "aspalditik" dute harremana elkartearekin, Kutxerenko Ukrainakoa delako. Hark kontatu du badakitela elkartearen bidez "zuzenean" iritsiko dela materiala Ukrainara: "Guk produktuak bilduko ditugu, eta haiek arduratuko dira garraioaz eta produktuen banaketaz".

Kutxerenkok adierazi du beren helburua gerraren ondorioak jasaten ari diren ukrainarrei elkartasunez laguntzea dela, eta azpimarratu du, "oraingoz" azpeitiarrek egindako ekarpena "izugarria" izan dela.

«Larunbatean ekin genion produktuen bilketari, baina ez genion oihartzun handirik eman; Vladysek bere sare sozialetan jarri zuen bilketaren berri emateko idatzi bat, baina ez besterik. Zapatua iritsi zen, eta harrituta gelditu ginen, espero baino askoz jende gehiago etorri baitzen», adierazi du Sarasuak. "Vladysi azaldu nion aurreneko egunetan jende gutxi etortzen bazen ez beldurtzeko, ohikoa dela jendearengana iritsi arte ekarpen askorik ez jasotzea. Ez zen halakorik gertatu, ordea, eta lehen unetik jende ugari bertaratu zen", gaineratu du Sarasuak. Bestalde, Kutxerenkok herritarrek erakutsitako "laguntzeko prestutasuna" nabarmendu du: "Ekarpen materiala egin ez ezik, herritarrak bestelako eginbeharretan laguntzeko prest agertu dira, eta hori eskertzekoa da".

Sanjuandegi auzoko lokal batean ari dira produktuak biltzen, Salbeko 31. zenbakian. Norbaitek haiekin harremanetan jarri nahiko balu, telefono zenbaki bat jarri dute harremanetarako: 617 27 16 98.

Oraingoz, bihar arte bilduko dituzte produktuak, arratsaldeetan, 16:00etatik 19:00etara.

"Ekarpena egin dezaketen herritarrei" bertaratzeko deia egin diete, eta "bihotzez" eskertu dute orain arte jasotako babesa.

ORIO

Orioko bilketan jende ugari ari da laguntzen. (Iñigo Gaiton)

Ukrainako gerrako biktimei laguntzeko helburuarekin, hilaren hasieran produktuen bilketa egin zuten Orion, eta 2.000 kilotik gora produktu bildu zituzten orduan, eta herenegun bigarren bilketa jarri zuten abian, Kultur Etxearen ondoko lokal batean. Produktuak biltzeaz gain, dirua biltzen ere ari dira, produktu horiek eramango dituen kamioiaren gastuak ordaintzeko.

Ibilgailua badute dagoeneko antolatzaileek, baina jakinarazi dutenez, bidaiaren gastuak ordaintzeko 3.000 euro beharko dituzte. Kopuru hori biltzeko helburuarekin, kontu korronte bat zabaldu dute, interesa duen herritar orok dirua emateko aukera izan dezan. Hau da kontu korrontearen zenbakia: ES 30 3035 0182121820038633 (Laboral Kutxa).

ZARAUTZ

Ukrainarako material bilketa, Zarautzen. (Elena Margüello)

Egoeraren larritasuna ikusita, Zarauzko Udalak hainbat neurri hartu ditu Ukrainako gerrako errefuxiatuei harrera egiteko, eta hara laguntza humanitarioa helarazteko. Unicef eta Hotz Zarautzen bitartez bideratuko du laguntza. Horretarako, Hotz Zarautzek eta ukrainar jatorriko zarauztar batzuk materiala bilduko dute Gaztelekuko pilotalekuan bihar hasi eta martxoaren 19ra arte. Ondorengo ordutegia izango dute: 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara.

ZUMAIA

SOS Ukraina Zumaia taldea sortu dute Zumaian herritar batzuek. (Onintza Lete Arrieta)

Zumaian, nor bere aldetik mugitzen ari zirela ohartu ziren Manu Gonzalez, Mikel Argoitia –Justo Argoitiaren semea da, eta horrek etxean dauka hartuta Maryna Prots ukrainarra– eta beste hainbat, eta elkartzea pentsatu zuten. Hala, SOS Ukraina Zumaia taldea sortu dute.

Larunbat goizean, esku bete lanekin ari ziren dozena erdi lagun Zumaiako Udalak Odieta frontoiaren ezkerraldeko etxebizitzen behealdean utzi dien lokalean. Lokala irekita izango da egunero 18:00etatik 20:00etara, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Eskerrak eman beharrean direla esan dute, laguntza asko jasotzen ari direlako: "Udalak bi egunean utzi digu lokal bat, eta denda batek erabaki du stock azokan parte ez hartu eta arropa guztia guri ematea. Beste enpresa batek 200 kaxa eman dizkigu materiala hor gordetzeko, eta arraunekoek furgoneta utzi digute eskoletatik materiala lokalera ekartzeko. Oso eskertuta gaude", zehaztu dute Argoitiak eta Gonzalezek.

Prostek esan du nabaritu duela elkartasuna. Berak lan egiten duen tabernan, esaterako, kaxak bete eta bete ari dira.

Egunotan inguruko herrietako taldeekin harremanetan jartzen ari dira zumaiarrak, zailtasun handienari aurre nola egin asmatzeko: hau da, nola iritsarazi ukrainarrei bildutako material guztia? Zestoarrekin harremanetan dira dagoeneko, eta haien bitartez oriotarrekin ere bai, eta orain zarauztarrekin eta azkoitiar nahiz azpeitiarrekin ere nahi dute bildu.

Era berean, harremanetarako bideak ere jarri dituzte herritarren eskura. Hala, sosukrainazumaia@gmail.com helbidera idatz dezake informazioa nahi duen orok.

Aste honetan Zumaienan eta Herri Eskolan egin dituzte bilketak, eta lokalean material asko dute orain. Ordea, argi dute jakiak biltzen eta bidaltzen jarraitu beharra dagoela, eta horregatik, deialdia egin dute bihar arratsaldean, larunbatean egun osoz produktuak jasotzeko herriko hiru Eroski eta BM saltokietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide