Ukrainara bidaltzeko materiala biltzen ari dira eskualdeko hainbat herritan

Mailo Oiarzabal 2022ko martxoaren 3a

Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian martxan dituzte bilketak. Bestetik, gerraren kontrako elkarretaratzea egin zuten atzo Azkoitian, eta Zarautzen beste bat izango da bihar, udalak deituta.

Errusiaren inbasioak Ukrainan piztu duen gerra dela-eta elkartasun ekimenak ugaltzen ari dira egunotan eskualdean. Batetik, Ukrainara askotariko materialak bidaltzeko bilketa kanpainak martxan jarri dituzte herri batzuetan; eta bestetik, gerraren kontrako eta Ukrainako herritarrei elkartasuna adierazteko adierazpenak eta elkarretaratzeak egin dituzte eta egingo dituzte.

Zestoan, joan den astean egin zuten lehen material bilketari jarraipena ematen ari dira egunotan, Ukraina-Euskadi elkartearen deialdiarekin bat eginez. Unide, Elortza eta Miantxa dendetan, herriko botikan eta Zestoa Herri Ikastetxean ari dira jasotzen materiala, eta haur eskolaren ondoko udalaren lokalean ere bai, Zubimusu kalean; azken toki horretan gaur eta bihar 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara utzi ahalko da materiala. Zumaian ere elkarte beraren deialdiarekin egin dute bat, eta Zumaiena Ikastetxean ari dira materiala jasotzen. Ikastetxeko ikasleek zein irakasleek eraman ahal izango dute materiala, baita herritar orok ere. Martxoaren 11ra bitartean jasoko dute materiala Zumaienan. Askotariko produktuen zerrenda osatu dute Ukraina-Euskadi elkartearen material bilketa kanpainarako, lagundu nahi duten herritarrek zer eraman jakin dezaten: higiene produktuak, pixoihalak, barruko zein gaineko arropa termikoak, lotarako zakuak, botila termoak, kanpin labeak, metxeroak, pospoloak, linternak, pilak, kandelak, elektrizitate generadoreak, janari latak, bendak, maskara eta bata kirurgikoak... Materiala garraiatzeko kartoizko kaxak ere eskatu dituzte.

Zarautzen, ukrainar jatorriko zenbait herritarren ekimenez hasi dira materiala biltzen Abendañon, Homebox-eko lokalean. Ford-en eraikin berean, Sarobe kaleko zortzigarrenean, 09:00etatik 17:00etara; "printzipioz", martxoaren 10era arte jasoko dituzte produktuak, egun horretan egingo baitute aurreneko bidalketa, "baina zoritxarrez, ez dakigu azkena izango den", zehaztu du Katia Kovalek, kanpainaren arduradunetako batek. "Ukrainako lagunek esan digutenaren arabera, denetik behar dute. Esaterako, ume asko ari da jaiotzen, eta beraz, pardelak, formula-esnea, papila hautsak... oso beharrezkoak dituzte", adierazi du Kovalek. Baita beroa ematen duen oro ere: "Neguko arropa eta oinetakoak, umeentzakoak nahiz helduentzakoak. Baita lo zakuak, kanpadendak, berogailuak, txiskeroak eta pospoloak ere". Jakiei dagokienez, galkorrak ez direnak eta beirazkoak ez direnak behar dituzte, bidean ez puskatzeko: "Ur beroa botata jateko prest dauden jakiak aipatu dizkigute, baita poltsikoan kabitzen diren txokolatinak eta barra energetikoak ere". Lehen sorospeneko kit-ak ere gustura hartuko dituztela esan dute, baita emakumeentzat hilerokoarentzako konpresak ere.

Orion, berriz, herritar talde batek abiatu duen bilketarekin neguko arropa eta janaria jaso nahi dituzte, Ukrainara bidaltzeko. Produktu horiek Gabon tabernan utzi behar dira, ostirala baino lehen.

Elkarretaratzeak

Atzo, dozenaka herritar elkartu zen Azkoitiko parrokiaren atarian, gerrari uko egiteko eskatzeko. Azkoitiko kristau elkarteak deitu zuen elkarretaratzea, Ukrainako herriari elkartasuna adierazteko. Gerrarik ez, Ukrainako herriarekin bat lelopean elkartu ziren eliz atarian. Gerrarik ez! zioen pankartaren bueltan. Bost minutu inguruko kontzentrazio isila egin zuten, kandelak piztuta. Amaieran, Egin gaitzazu pakearen zerbitzari abestia kantatu uten eliz atarian elkartutako lagunek.

Zarautzen, berriz, bihar iluntzean egingo dute Ukrainari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea. Zarauzko Udalak deitu ditu herritarrak ostiralean 20:30ean Lege Zaharren Enparantzan elkartzera, "kandelak edo argiak piztuz, ukrainar herriari zarauztarren elkartasuna eta babesa adierazteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide