Abelin Linazisoro idazle eta aktore zumaiarra hil da

Urola Kostako Hitza 2022ko otsailaren 23a

Zumaiako zine forumaren bultzatzailea, idazlea, aktorea, ekintzailea, euskaltzalea, herriko historia eta herritarren kontakizunak biltzeko lanaren egilea; hori guztia izan da Linazisoro. Bart hil da, 79 urterekin.

1942an jaioa, 79 urterekin hil da bart Abelin Linazisoro Azkue. Gazterik hasi zen antzerkigintzan, eta parte hartze handia izan du Zumaiako kultur mugimenduan. 1990eko hamarkadan oso ezaguna egin zen Euskal Herri osoan, ETB1eko Goenkale telesailean Xatur pertsonaiaren paperean egindako lanarengatik; Baleike aldizkariaren 8. zenbakian elkarrizketa egin zitzaion horren inguruan. 

Hamar urteko tartean, 1995etik 2005era bitartean, hiru nobela idatzi zituen: Axun, Iraganean galdua eta Aitortza. Gehienbat amodiozko kontuak, abertzaletasuna eta herri txikietako bizimodua landu zituen lan horietan.

Aipatzekoak dira Baleike aldizkarian 2004an hasi eta 2009ra bitartean Gure Zumai Zarra atalean egin zituen elkarrizketak, adineko hemezortzi zumaiarrek kontatutakoak xehetasun handiz eraman zituelako paperera. Imanol Azkuek Linazisorori berari elkarrizketa bat egin zion atal hori ixteko, eta bere Zumaia zaharra nolakoa izan zen kontatu zuen aldizkariaren hiru zenbakitan.

Ahotsak.eus egitasmoaren ere egin zioten elkarrizketa, eta 23 pasarte bideoan jasota eta ikusgai daude. 

Antzerkigintzan eta bereziki zinemaren munduan lan asko egin zuen herrian: zine-forum saioak antolatu zituen 19 urterekin, 1970eko hamarkadan Aita Mari zinemarekin batera sortu zen zine-forum taldean parte hartu zuen, Ostarrena taldea bultzatu, etab. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide