Zumaiako Udalaren laugarren Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua abiatuko dute hilabete honetan. Gaur egun indarrean dagoen plana, hirugarrena, agortzear da dagoeneko, eta datorren urtearen hasierarako laugarrena martxan izatea da Zumaiako Udalaren asmoa.
Urte hauetan guztietan aldaketa handiak sumatu dituztela adierazi dute udal ordezkariek planaren berri emateko egindako agerraldian. Aldaketa horiek, besteak beste, Emakumeon* Etxearen sorrerak eta pandemiak markatu dituztela azaldu dute. Hala, geldialdi bat egin eta azken urteotan egindako lana baloratzeko beharra ondorioztatu dute, «egoera berrira egokituko den plan berri bat diseinatzeko».
Plan berria idazten hasi aurretik egindako lana ebaluatuko dutela azaldu dute: «Azken urteetan berdintasunaren eremuan zer egin den aztertzeko, eta irakaspenak ateratzeko». Jarraian, Zumaiako «egungo egoera ezagutzeko eta hurrengo urteetarako berdintasunaren eremuan dauden lehentasunezko erronkak identifikatzeko» tartea hartuko dute, «arreta berezia jarrita herriko emakumeek egun bizi duten egoeran». Amaitzeko, laugarren plana diseinatzeari ekingo diotela azaldu dute, «egun dauden beharretan eta orain arteko lanetik ikasitakoan oinarrituta».
Lau urtez, 2023tik 2026ra bitartean indarrean egongo den plan berria «errealista, gertukoa eta eragingarria» izatea nahi dutela aurreratu dute, «udaleko eta udalerriko beharretara egokitua». Diseinu lan horretan herritar ororen, Berdintasun Foroko, Emakumeon* Etxeko eta Mugimendu Feministako kideen, udaleko langileen eta ordezkari politikoen ekarpenak eta iritziak jasoko dituzte. «Era horretan, berariaz herriaren eta herritarren beharrei erantzungo dien plana landu ahal izango dugulako».
Lanketa bi fasetan
Elhuyar bidelagun dela diseinatuko dute laugarren Berdintasun Plana, eta bi fase izango ditu. Lehenengoan, orain arte egindako lanaren balorazioa egingo dute, eta egungo erronka nagusiak zein diren identifikatuko dituzte. Dokumentazioa jasotzeaz gain, partaidetza zuzena izan duten eragileen ikuspegia ere jasoko dute, identifikatu ahal izateko «zer indartu eta zeri eman behar zaion segida». Ekainera bitartean egingo dute lan hori.
Bigarren fasea irailetik abendura artean egingo dute, eta egindako balorazioetatik eta identifikatutako erronketatik abiatuta, horiei aurre egiteko helburuak eta neurriak landuko dituzte.
Bietan ere, herritarrekin, zuzeneko eragileekin eta udaleko ordezkari eta teknikariekin bilduko dira.