Oriaren jaitsieran, etxeko neskak nagusi

Aitziber Arzallus eta Gorka Eizagirre 2022ko otsailaren 20a

Oriaren XXVIII. Traineru Jaitsieran jokoan zeuden bi banderetatik bat etxean gelditu da, Orioko neskak izan baitira denetan azkarrenak. Mutiletan, ostera, Bermeora joan da bandera. Lehiatik harago, jaitsierak giro bikaina sortu du herrian, eta ehunka izan dira arratsaldea erriora begira pasatu duten herritarrak.

Atzo arratsaldean jokatu zuten Oriaren XXVIII. Traineru Jaitsiera. Ohi bezala, jende ugari erakarri zuen hitzorduak, eta ehunka izan ziren errioaren alboetan eta herrira sartzeko zubian arratsaldepasa egin zuten herritarrak. Gainera, etxean gelditu zen jokoan zeuden bi banderetako bat, Orioko emakumeak nagusi izan baitziren. Mutiletan, Bermeo izan zen azkarrena.

16:3oean puntuan, Bilboko traineru inklusiboak eman zion hasiera Oriaren jaitsierari. Haren atzetik irten ziren Herrialde Katalanetatik etorritako zortzi llagut, jubenilen bost traineru eta beteranoen 22. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako hamazazpi traineruk egin zuten arraun, eta gizonezkoetan, 26 ontzi atera ziren. Azken horiek Mapiletik irten ziren eta errioan behera 6.000 metroko ibilbidea egin zuten; beste guztiak Saikolatik irten ziren, eta 4.000 metro egin zituzten.

Oriok absolutuen mailan bakarrik lehiatu zuen. Nesketan, traineru bakarra uretaratu zuen, bandera irabazi zuena hain zuzen. 14 minutu 59,75 segundo behar izan zituzten 4.000 metro egiteko, bigarren egin zuen Tolosako traineruak baino 17,63 segundo gutxiago.

Mutiletan, bi ontzi atera zituzten etxekoek. Lehen taldeak 20 minutu eta 44,84 segundo behar izan zituen Orian behera 6.000 metroko ibilbidea egiteko, denborarik onena egin zuen Bermeok baino 24,88 segundo gehiago. Bigarren taldeak, berriz, sailkapeneko 11. lekuan bukatu zuen lehia. 21 minutu eta 33,87 segundo behar izan zituen helmugara iristeko, Bermeok baino minutu eta 13,91 segundo gehiago. 

Eskualdeko ontzi ugari

Eskualdeko taldeei dagokionez, Zumaiak, Getariak eta Zarautzek ere parte hartu zuten jaitsieran. Zumaiak ontzi bana atera zuen kategoria bakoitzean, llagut-etan izan ezik. Jubeniletan, bostetik laugarren egin zuten zumaiarrek; beteranoetan, 22tik bosgarren; absolutu mailako emakumeen ontziak zortzigarren postuan bukatu zuen lehia, lanak bukatzeko oriotarrek baino minutu eta 6,22 segundo gehiago erabilita; eta gizonek hamahirugarren postuan amaitu zuten, Bermeorengantik minutu eta 21,95 segundora.

Zarautzek ere ordezkaritza zabala izan zuen atzoko jaitsieran. Batetik, Zarautz Arraun Elkarteak bi ontzi atera zituen, absolutuen mailako neskena eta mutilena. Neskek sailkapeneko hamargarren lekuan bukatu zuten, oriotarrengandik minutu eta 33,46 segundora; mutilek, berriz, bederatzigarren lekuan, bermeotarrengandik minutu eta 8,80 segundora. Horrez gain, gizonezkoen beste ontzi bat ere uretaratu zuten getariarrekin erdi bana, eta horiek hamabigarren egin zuten, irabazleengandik minutu eta 21,13 segundora.

Bestetik, Zarauzko arraunlari beteranoek —ez dira Zarautz Arraun Elkartekoak— bi traineru atera zituzten, Badok 13 izenarekin. Garaipenik ez zuten lortu, Chapela ontzia helmugaratu baitzen azkarren, 4.000 metroak 15 minutu 9,43 segundoan eginda, baina hirugarren postua zarauztarrentzat izan zen. Irabazleek baino 25,09 segundo behar izan zituzten jaitsiera gauzatzeko. Beteranoen bigarren trainerua, berriz, hemezortzigarren lekuan sailkatu zen, txapeldunengandik 3 minutu eta 36,68 segundora.

Azkenik, aipatzekoa Getariako mutilen traineru nagusiak egin zuen lana. Sei kilometro egiteko 21 minutu eta 7,70 segundo erabilita, haiena izan zen arratsaldeko seigarren jaitsierarik azkarrena. Bermeotarrengatik 47,74 segundora bukatu zuten, eta Orioko lehen taldearengandik 22,86 segundora.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide