Kike Amonarriz: "Indibidualizazio prozesuak areagotu egin dira, eta kalea eta batzeko lekuak galdu"

Maria Maya Manterola 2022ko otsailaren 15a

Kike Amonarrizen hitzaldiarekin hasiko da bihar, asteazkena, 'Euskara, bestela ez gara' zikloa. Alondegiko Oxford aretoan izango da, 18:00etan hasita.

"Euskararen erabileran eragiteko helburuarekin" antolatu du beste urte batez hitzaldi zikloa Larraina euskara taldeak. Larrainak COVID-19ak kolpatutako bezperatan hasi zuen bere ibilbidea, eta, azpimarratu dutenez, «zailtasunak zailtasun» eutsi egin diote erronkari: "Oraindik pandemiaren ondorioak bizi ditugun arren, eztabaidagai eta elkargune izateko nahiarekin osatu dugu aurtengo egitaraua". Hitzaldiak asteazkenetan izango dira Oxford aretoan, 18:00etan, baina hitzaldi batetik bestera hamabost eguneko tartea izango da. Lau hitzaldik osatuko dute aurtengo zikloa.

Lehenengoa bihar izango da, eta Topaguneko lehendakari eta dibulgatzaile den Kike Amonarriz izango da hizlaria. Nola indartu euskararen gizarte mugimendua? izenburuko hitzaldia eskainiko du. "Aurten, kalera atera eta herritarrak kolektiboki elkarrekin aritzeko aitzakia izango dugu, bertan baititugu Korrika eta Euskaraldia. Nola aprobetxatu, ordea, herriko biziera sendotzeko? Zein dira gakoak?". Galdera horiei erantzuna emango die Amonarrizek. Hedabide honi aurreratu ahal izan dionaren arabera, "ez dago errezeta magikorik". Haren hitzetan, dinamika sozialak eta herritar aktiboak dira ezinbesteko osagaiak.

Topaguneak esku artean dituen egitasmoak eta asmoak aipatuko ditu, bide batez, erakunde horretako lehendakariak. Normalizazio prozesuari bultzada emateko kontzientzia kolektiboaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Amonarrizek. Beste hainbat gako ere emango ditu, aurreratu ahal izan duenez, minoria aktiboak nola osatu, edota transmisioa nola egin, besteak beste.

"Berraktibazio urtea"

Aktibazio sozialerako urte garrantzitsua izan daitekeela uste du Amonarrizek. Haren hitzetan, "ez dira garai errazenak" horretarako: "Garai likidoak dira, eta horri pandemiaren eragina gehitu behar zaio. Indibidualizazio prozesuak areagotu egin dira, eta kalea eta batzeko lekuak galdu". Hizkuntzaren inguruko aktibazioa ere galdu egin dela uste duen arren, urte hau aktibazio horretarako gakoa izan daiteke. Ekitaldi ugari aipatu ditu, horien artean, Korrika, Bertsolari Txapelketa Nagusia edota Euskaraldia. Amonarrizen ustez garrantzitsua da, tokian tokiko beharrak eta aukerak aztertu ondoren, dinamikak sortzea, eta horiek aztertzen saiatuko da biharko saioan. "Denok gara beharrezkoak mugimendu sozialetan. Gune motoreak behar dira, baina kanpoko geruzak ere bai. Norberak ahal duen hori eman dezan eskatuko dugu", dio Amonarrizek.

Pantailak, hitanoa, kultura

Plataformak abiada bizian hedatzen ari dira, eta horietan euskararen presentzia eskatzeko ekimenak jarri dira abian; hain zuzen ere, Alex Aginagalde irakasleak horien berri emango du martxoaren 2ko saioan. Inplikazioa ere eskatuko du hizlariak; "izan ere, gero eta denbora gehiago ematen ei dugu horien aurrean. Nola egin aurre, ordea, nazioarteko erraldoien joerei? Gizarte mugimenduek lorpenak izan ditzakete bide horretan?". Garbiñe Bereziartuak eta Xabier Azkuek hitanoari buruz hitz egingo dute martxoaren 16a. Bereziartuak hizkera modu horrek duen esanahiaren inguruan egindako azken ikerketak aintzat hartuta jardungo du, eta Azkuek herriko errealitatea ikertu eta proposamenak egingo ditu. "Ba ote da aukera erabileraren gainbeherari itzulia emateko?». Azkenik, martxoaren 30ean, Ximun Fuchsek kulturan euskarak duen zentralitateaz hitz egingo du, Jon Maiaren gidaritzapean: «Funtsean kultura Euskara, bestela ez gara tesiaren inguruko hitz aspertu artistikoa espero dezakegu denon gozamenerako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide