Zarauzko Ipar kaleko Lukas ardotegian du Aizpea Larrañaga zumaiar eta Zarauzko bizilagunak bere azken erakusketa. "Zenbat balio du margolan horrek?", galdetu dio bertan trago bat hartzen ari den gizon batek. "Pieza hori oso berezia da niretzat, lagun baten heriotza irudikatzen baitu, eta munduko diru guztia emanda ere ez nuke salduko", erantzun dio sortzaileak.
Hain zuzen ere, bere barruko emozioak kudeatzeko hasi zen margotzen Larrañaga orain dela sei urte inguru. "Ia bat-batean hartutako erabakia izan zen margotzen hastearena". Profesionalki artearen munduan lana egiten duen lagun bati esan zion margotzen hasi nahi zuela, eta berak oparitu zizkion lehen mihise-oihala eta margoak.
Pintatzen hasteko bulkada hark gidatzen du gaur egun ere Larrañagarentzat margotze prozesua. "Bihozkadei egiten diet kasu, eta horren arabera aukeratzen ditut koloreak, adibidez». Orokorrean, terapia moduan ulertzen du Larrañagak margogintza, «bizipenak irudikatu eta zauriak sendatzeko modu bat bezala".
Abstraktuak dira Larrañagaren lanak, baina azaldu duenez, "ederra da ingurukoei margolanak erakustea, bakoitzak bere interpretazioak egiten dituelako. Hori da artearen beste gakoetako bat", gaineratu du.
Amestu bai, baina tamainan
Hankak lurrean dituela garbi du, ordea, Larrañagak. Izan ere, bere pasioa pintura izanda ere, ez du sekula horren inguruko ikasketarik egin, eta horrenbestez, badaki bere gaitasunak zein puntutara arte iristen diren. "Formaziorik ez edukitzeak mugak jarri dizkit teknikan ere, baina hori ez da inoiz oztopo izan niretzat", azaldu du.
Izan ere, Larrañagak berarentzat margotzen du, eta ez ingurukoentzat. "Ez dut inoiz inori ezer erakusteko beharrik sentitu, eta horrek askatasuna eman dit", dio. Hala ere, sortzaileari gertatu izan zaio azkenaldian margolanak enkarguz egitea, eta hori "onartzeko zaila" egin baldin bazaio ere, "erronka bezala eta gustura" hartu dituela dio, "ingurukoei nire lanak gustatzen zaizkien erakusgarri baita", dio Zarauzko bizilagunak.
Intimitatean
Bakardadea eta musika. Horiexek dira Larrañagak margotzeko behar dituen bi elementu nagusiak. "Nik ezingo nuke beste artista edo margolari batzuekin estudioa elkarbanatu, intimitatea behar baitut margotzeko", nabarmendu du.
Estudiorik ez, baina etxeko sukaldean aritzen da margotzen. "Buruan ideia eta pentsamendu asko izaten ditut, eta horiek guztiak islatzen ditut margolan bakoitzean. Askotan gertatu izan zait inertziaz margotzen hasi eta amaitu ondoren ez jakitea trazu bakoitza zergatik egin dudan zehatz-mehatz". Aitortu duenez, igandean margotzen du gehien: "Bazkalostean jartzen naiz nire txokoan amaitu arte". Gainera, jakinarazi du orduak hegan igarotzen zaizkiola margotzen ari denean, eta konturatzerako afalordua ere iristen zaiola askotan.
Lanean jarraitzeko grinez
Lukas ardotegian Larrañagak egindako margolan asko daude, bere azken sei urteetako bilakaera erakusten dutenak, baina beste asko ere baditu bilduta etxean. Denak sentitzen ditu bereak, eta denak dira ausartak, bere buruarekiko duen ikuspegia ere horixe delako: ausarta.
Beti aurrera egiteko grina horrek ateak zabaldu dizkiola azaldu du margolariak, eta horren adibide da udan Zumaiako Oxford aretoan zabalduko duen erakusketa ere. "Orain dela gutxi baieztatu didate nire herrian erakusketa zabaltzeko aukera izango dudala, eta zumaiarra izanda, berezia izango da niretzat. Gainera, orain arte ez dut horrelako espazio zabal batean erakusketarik eskaini, eta asko gozatuko dudan segurtasuna daukat inongo zalantzarik gabe", aditzera eman du irribartsu sortzaile zumaiarrak.