Hegaztiak behatzen ikasteko irteera antolatu du Geoparkeak

Maria Maya Manterola 2022ko urtarrilaren 29a

Otsailaren 6an eskainiko dute hegaztiak behatzeko hastapen-tailerra, Deban. Izena aurrez emateko eskatu dute, edukiera mugatua izango baitu saioak.

Hezeguneen Munduko Eguna da otsailaren 2a, eta horren aitzakiapean, hegaztiak behatzen ikasteko tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Otsailaren 6an izango da, igandearekin, Deban. 

Antolatzaileek jakinarazi dute ibilaldia laua dela, eta hiru orduz, hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango dutela. Hegaztiak non ikusten diren, ikusteko beharrezko tresnak zein diren, identifikatzeko moduak edo behaketa erregistratzeko erak azalduko dituzte, besteak beste. Geoparkeko Ingurumen arduradun Gonzalo Torrek gidatuko du taldea, eta euskaraz emango ditu azalpenak. 

Debako Artzabalgo aparkalekuan (Danobat) elkartuko dira 10:00etan. Izena aurrez ematea ezinbestekoa da, labur.eus/hezeguneak2022 helbidean edo Debako Turismo Bulegoan (943 19 24 52 telefono zenbakira deituta edo aurrez aurre, 10:00-14:00 astelehenetik ostiralera). Jarduera interesa duen edonori zuzendua dago, familian egiteko egokia da, eta parte-hartzea doakoa da. Edukiz gero, prismatikoak eramateko gomendatu dute.

Hezeguneak berreskuratzen

Basoak baino hiru bider bizkorrago ari dira galtzen hezeguneak, Geoparkearen arabera. "Garrantzia handiko  ekosistemak dira, eta biodibertsitatea, klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea, ur geza izatea, munduko ekonomian, besteak beste, laguntzen dute", azaldu dute.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna ekosistema horiek duten garrantziaren inguruan jabetzeko baliatuko dute, "jendea sentsibilizatzea premiazkoa baita hezeguneak berreskuratu eta haien kontserbazioa eta leheneratzea sustatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide