Eskualdeko arraunlariak aspaldi hasi ziren datorren denboraldirako prestatzen, eta gaur, Getariakoek eta Zumaiakoek zer puntutan dauden ikusteko lehen aukera izan dute Portugaleteko (Bizkaia) X. San Nikolas traineru jaitsieran.
Beteranoek eman diote hasiera lehiari, 12:30ean; emakumeen txanda izan da gero; gazteena jarraian; eta 13:00ak jota irten dira eskualdeko bi traineruak, seniorren txandan. Maila horretan hemezortzi ontzi uretaratu dira guztira, eta Urola Kostako bi taldeak punta-puntan ibili ez diren arren, lan txukuna egin dutela esan daiteke, sailkapeneko erdialdeko postuetan bukatu baitute lehia: getariarrek zazpigarren egin dute, 5.500 metroak 19 minutu eta 7,6 segundoan egin eta gero; eta zumaiarrek 11. egin dute, lanak 19 minutu eta 23,2 segundoan bukatu ostean. Zierbena izan da nagusi, 18 minutu eta 24,4 segundoko denbora eginda.