Atzo gauean idiak, eta gaur eguerdian zaldiak. Bi apustu jokatu dira asteburu honetan Azkoitiko Gurea frontoiko probalekuan, eta ikusmina piztu dute biek ala biek, ikusle asko elkartu baitira bi ekitaldiak jarraitzeko.
Atzo, kintopeko idi apustua jokatu zuten Zallako (Bizkaia) Zornotza anaiek eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalek, eta lehia biziaren ostean, Hondarribiko idi pareak irabazi zuen apustua. Apustua lotzerakoan hitzartu bezala, Zornotza anaien idi parea atera zen lehenengo probalekura, eta 30 minututan 55 plaza, zinta bat, eta 1,84 metro egin zituzten Galder Bolaños eta Iñaki Urrutia itzainek gidatutako animaliek. Asier Alegria eta Iagoba Tubilla aritu ziren gero Pagadizabalen idi parearekin, eta bukaerara arte lehiatu ostean, 29 minutu eta 48 segundotan lortu zuten aurrekoen marka berdintzea. Beraz, garaipena eta jokoan zeuden 6.000 euroak hondarribiarrentzat izan ziren.
Hemen, idi apustuaren argazki bilduma (argazkiak: Mireia Galarza):
Gaurko apustua, berriz, eskualdeko bi jaberen zaldien artekoa izan da, Azkoitiko Txibilter eta Zumaiako Talaia jatetxea, eta etxeko apustulariarentzat izan da garaipena. 3.000 euro zituzten jokoan Txibilterrek eta Talaiakoek, ordu erdiko lanean zeinen abereak plaza gehiago egin, eta azkoitiarraren zaldia aise antzera nagusitu da desafioan. Apustuaren atariko pisaketaren ondoren zozkatu dituzte txandak, eta Txibilterri egokitu zaio apustua irekitzea. Ordu erdian 86 plaza eta 1,20 metro osatuta bukatu ditu lanak Azkoitikoaren zaldiak, Joxe Luis Idoatek eta Xabier Egiak itzain lanetan gidatuta. Marka ona ezarri du Txibilterrek, eta erreferentzia hori haustera atera dira jarraian Talaia jatetxekoak, baina bigarren aritzearen abantaila alferrikakoa izan da haientzat: 67 plaza juxtu egin ditu Zumaiakoen zaldiak, irabazlearen markatik urruti, Javier Elordui eta Axier Alegria itzainekin.
Hemen, zaldi apustuaren argazki bilduma (argazkiak: Mailo Oiarzabal):