Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga

Onintza Lete Arrieta 2022ko urtarrilaren 12a

Urumea ibaian izango da aurreneko lehia, eta denboraldi honetan 96 ontzik parte hartuko dute, emakumezkoen 47 ontzik eta gizonezkoen 49k. Eskualdean jokatuko dituzte hiru jardunaldi, otsailaren 12an Zumaian, martxoaren 13an Zarautzen, eta martxoaren 20an, berriz, Getarian.

Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Urumea ibaian. Orduak astero-astero zehaztuko dituzte, baina egutegia prest du Gipuzkoako Arraun Federazioak. Guztira hamabi jardunaldi jokatuko dira apirilaren 3ra bitartean, eta 96 ontzik parte hartuko dute aurtengo ligan, emakumezkoen 47 ontzik eta gizonezkoen 49 ontzik.

Ontzi horietatik herena baino gehiago eskualdekoak izango dira: 35, hain zuzen. Ontzi gehienak, ohi bezala, Orio Arraunketa Elkarteak osatu ditu; hamasei. Hiruna ontzi infantil nesketan eta mutiletan osatu ditu, bi ontzi promesa nesketan eta lau mutiletan, ontzi bat jubenil nesketan eta bi mutiletan, eta ontzi bat gizonezko absolutuetan.

Beste hamar batel Telmo Deunenak izango dira: infantil nesketan eta mutiletan bina ontzi izango dituzte, beste bina promesa nesketan eta mutiletan, eta jubenil mutiletan ere bi ontzi osatu dituzte.

Zarautz Arraun Elkarteak ere sei batel prestatu ditu: infantil nesketan bi ontzi izango dituzte, promesa nesketan eta mutiletan bana, jubenil mutiletan ere ontzi bat izango dute; eta baita gizonezko absolutuetan ere.

Getariako Arraun Elkarteak, azkenik, hiru ontzi izango ditu lehian, denak infantiletan; nesken ontzi bat eta mutilen bi osatu ditu.

Hiru jardunaldi eskualdean

Gipuzkoako Arraun Federazioak jakitera eman duen egutegiaren arabera, eskualdeko uretan jokatuko dira lligako hiru jardunaldi. Zumaian izango da aurreneko hitzordua, otsailaren 12an. Bosgarren jardunaldia jokatuko da han.

Zarautzen eta Getarian izango dira beste bi hitzorduak, biak martxoan. Zarautzen zortzigarren jardunaldia egingo da, martxoaren 13an. Getarian, berriz, hamargarren jardunaldia, martxoaren 20an.

Getariakoaren ondotik, bi jardunaldi bakarrik geldituko dira: konfrontaziokoa, martxoaren 27an Legution (11. jardunaldia) eta Gipuzkoako Batel Txapelketa, San Juanen (12. jardunaldia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide