Munduko Koparako puntuagarria izango da Zumaia Flysch Traila

Juan Luis Romatet 2022ko urtarrilaren 11

Urriaren 2an korrituko da Zumaiako mendi lasterketaren XIII. edizioa. Gold Label kategoriako hamabi probak osatuko

dute Munduko Kopa, eta traila izango da horietako bat.

WMRA Munduko Kopa Gold Label mailako hamabi lasterketara murriztuko da aurten (iaz hamasei izan ziren). Murrizketa horrek baditu bi helburu: batetik, "selektiboagoa izatea" eta, aldi berean, COVID-19aren pandemiak eragindako gorabeherak direla medio, "egutegia seguruagoa" izatea. Hala, Munduko Kopa osatuko duten probak Europan egingo dira, eta lau hilabeteko epean jokatuko dira.

Iaz gertatu bezala, Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa Munduko Koparako puntuagarria izango da, urrezko kategorian. Hiru modalitatek osatzen dute Munduko Kopa: SU (Short Uphill, lasterketa bertikala), CM (Classic Mountain) eta LM (Long Mountain). Zumaiako probak LM modalitaterako puntuak emango ditu, maratoi erdiko distantziako lasterketarekin: 22 kilometroko luzera eta 850 metroko desnibel positiboa izango du mendiko probak.

Zumaiakoarekin batera, distantzia luzeko beste hiru probak osatuko dute LM kategoria: Giir de Mont (Italia, uztailaren 31n), Sierre Zinal (Suitza, abuztuaren 13an) eta Nasegi (Italia, irailaren 4an). Flysch Traila, beraz, distantzia luzeko egutegiko azken proba izango da, eta bertan erabakiko da zein korrikalarik irabazten duten Munduko Kopa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru emaitzarik onenak hartuko dira kontuan Kopako lasterkari onenak erabakitzeko. WMRAren 23. Munduko Kopako txapeldun absolutuak hiru modalitateetako emaitza konbinatuen bidez erabakiko dira.

Berrikuntza bezala, Munduko Kopa osatzen duten hamabi Gold Label lasterketez gain, Silver Label izeneko beste bost lasterketa ere izango dira aurtengo denboraldian. Horiei esker, Perun, Txekiar Errepublikan, Irlandan, Eslovenian eta Portugalen Munduko Kopako puntuak irabazteko aukera berriak izango dituzte lasterketa horietan parte hartzen duten atletek.

Bultzada

Zumaiako mendi lasterketako antolakuntzarentzako bultzada bat da iazko erabakia aurten ere mantentzea. "2021eko Flysch Trailak izandako antolakuntza txalotu egin zuen erakunde honek, eta Munduko Kopa osatzen duten proben artean hobekien antolatuta zegoena zela esan ziguten", azaldu du Bosco Garitanok, Flysch Traileko antolaketa taldeko kideak.

Oraindik erabat baieztatu gabe badago ere, 2022ko urriaren 2an korrituko den mendi lasterketak izango ditu berrikuntza batzuk. Hala, Zumaian antolatu izan den maratoi distantziako lasterketa ez antolatzeko pausoa emango dute aurten, eta maratoi erdiko proba indartuko dute. Horrez gain, aurreko egunetan egiten ziren ekintza kulturalak ez antolatzea ere buruan du traileko antolakuntzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide