COVID-19ak hedatzen jarraitzen du eskualdean, eta adinekoen egoitzetan ere eragina izaten ari da gaitza. Besteak beste, agerraldiak izan dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo emandako datuen arabera, egun 61 lagun daude gaitzak jota erakundearen menpe dauden eskualdeko egoitzetan. Birusa gehiago zabaldu ez dadin, neurriak zorroztu dituzte hainbatetan.
Azkoitiko San Jose egoitzako hainbat egoiliarrek positibo eman dute azken egunetan COVID-19a atzemateko probetan, eta egoiliarrak konfinatuta daude ostiraletik. Urola Kostako hitzak jakin duenez, gaur berriz probak egingo dizkiete, eta tutelatutako etxebizitzetako erabiltzaileak handik ateratzeko aukera izango dute bihartik, emaitza negatiboa jasotzen badute.
Zentroko arduradunek ez diote agerraldi berriaren gaineko informaziorik eman egunkari honi, baina aldundiak atzo jakinarazi zuenez, 21 positibo daude Azkoitiko egoiliarren artean, eta gaitza zuen pertsona bat hil da.
San Joseko egoiliarren iturriek azaldu dutenez, egoitzako lehen solairura eraman dituzte positibo eman duten egoiliar guztiak, han artatzeko. Hain zuzen ere, lehen solairu horretan dago Eguneko Zentroa, eta zerbitzu hori itxi egin dute. Eguneko Zentroko erabiltzaileen senide batzuek azaldu dutenez, astearte arratsaldean jaso zuten San Josekoen deia, jakinarazteko lehen solairua positiboak artatzeko behar zutela eta asteazkenetik zentroa itxita egongo zela.
Senide horiek kexu agertu dira egoeraren kudeaketarekin eta horrek eragindako ondorioekin. Egoiliarrentzat ez bezala, Eguneko Zentroaren erabiltzaileentzako "kontingentzia planik ez" dagoela salatu dute. "Norbaiti burutik pasatu al zaio pertsona hauek zergatik duten zerbitzu horren beharra? Eta berriz azpimarratu nahiko genuke beharra dela, eta ez kapritxo bat", diote. Arduradunak atzo ziren senideekin harremanetan jartzekoak, erabiltzaileek "zer behar" dituzten aztertzeko. Hamabost erabiltzaile ditu Eguneko Zentroak.
Azpeitian, egoiliar bat hil
Azpeitiko San Martin egoitzan, bestalde, duela aste batzuk izan zituzten COVID-19aren lehen kasuak, eta hango arduradunek adierazi dutenez, zabaltzen jarraitzen du gaitzak. Asteburuan, bost positibo zenbatu zituzten zentroan, eta atzo beste bi atzeman zituzten. Gainera, koronabirusaz kutsatutako egoiliar bat hil dela jakinarazi dute; atzo goizaldean zendu zen egoiliarra.
Lehenik, zortzi positiboko agerraldia izan zuten San Martin egoitzan, eta geroago, beste bederatzi positiboren berri eman zuten. Beraz, guztira, 24 positibo zenbatu dituzte COVID-19a zentroan sartu zenetik, eta horietatik hamalauk gaixorik jarraitzen dute, aldundiak emandako datuen arabera. Egoera tarteko, gaitza gehiago ez zabaltzeko osasun eta segurtasun neurriak zorroztu egin dituzte; alde batetik, bisitak bertan behera utzi dituzte, eta, bestetik, sakabanatu egin dituzte egoiliarrak. Neurri horiek mantendu egingo dituzte egoera hobetu bitartean.
Zestoako San Juan egoitzan, berriz, bederatzi kasu positibo izan dituzte baieztatuta, eta hango arduradunek jakinarazi dutenez, egoiliarrei atzo egin zizkieten PCR probak. Gaur jakingo dituzte emaitzak, eta egoiliarrek negatibo ematen badute, itxitzat joko dute agerraldia.
Zumaiako San Juan eta Otezuri egoitzetan, bestalde, 25 egoiliar COVID-19arekin gaixo daudela jakinarazi du aldundiak.