Pandemiak ez du gaurkoan herritarren ilusioa zapuztu, eta ibilbideetan aldaketak izan diren arren, Errege Magoak eskualdeko hainbat herritan ibili dira. Azkoitian eta Getarian izan dira goiztiarrenak, hurrenez hurren, 15:30ean eta 16:30ean bisitatu baitituzte herri horietako haurrak. Gainontzeko herri gehienetan, berriz, 18:00etatik aurrera ibili dira. Karrozan, txu-txu trenean, eta bestelako hainbat ibilgailutan iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrietara, eta irribarre zabala atera diete haurrei, gazteei zein helduei.
Hona hemen Errege Magoen bisitak utzi dituen irudiak, herriz herri:
Zestoa
Aurten bai. Aurten, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zestoan izan dira Errege egunaren bezperan, eta ohiko harrerarik gabe izan bada ere, kalez kale ibili dira Errege Magoak iluntzean, zestoarrak agurtzen. Aurretik, arratsaldean, magoen laguntzaileak plazan egon dira, haurren gutunak jasotzen.
Akoatik behera jaitsi dira erdigunera hiru erregeak, adar hots eta txistu doinuen artean, bakoitza bere zaldiaren gainean eta laguntzailez ondo hornituta, gauean banatuko dituzten oparietako batzuk beraiekin zekarzkitela. Kabalkadan eta geldialdirik egin gabe ibili dira Errege Magoak Zestoako erdiguneko kale eta plazetan barna; hasieran iragarria zegoena baino ibilbide laburxeagoa egin dute azkenean, eta ordu erdi eskasean osatu dute desfilea. Gozokirik ere ez dute banatu aurten, baina ez dira zuhurkerietan ibili agurrak, musuak eta irribarreak banatzerakoan.
Eta etorri diren bidetik itzuli dira, Akoa aldera berriro, datorren urtean herriko haurrak gertuagotik agurtu ahal izateko itxaropenarekin.
Azpeitia
Ohiko kabalkadarik egin ez bada ere, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek ez diete hutsik egin Azpeitiko haurrei, eta herriko hainbat bazterretatik igaro dira trenean herritarrak agurtzeko. Kaleak zeharkatu aurretik, ordea, urteroko bisita egin diete San Martin egoitzako egoiliarrei.
Azkoitia
Azkoitiko kale eta auzo ia guztiak zeharkatu dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Errepide bazterrean zain izan dituzten neska-mutilen gutunak jasotzeaz gain, guztiak ibilgailu gainetik agurtzeko tartea hartu dute hirurek. Txikienek, berriz, gogotsu eta ilusio bereziz egin diete oihu hiru Errege Magoei, eta aurten ere ez dira falta izan "Ekarriko, ekarriko" oihuak. Hainbat gunetan haur eta guraso ugari elkartu da Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak agurtzeko; batzuk, gainera, lasterka ere aritu dira haien atzetik.
Getaria
Errege Magoak Getariara ere iritsi dira gaur arratsaldean. Meltxor, Gaspar eta Baltasar parrokian eserita zeuden 16:30erako, eta haurrak frontoian elkartu ondoren, taldeka bisitatu ahal izan dituzte. Erregeez gain, belena, azoka eta pajeak ere ikusi ahal izan dituzte etxeko txikienek.
Zarautz
Desfileak ez du ohiko itxurarik eduki gaurkoan. Beste urteetan baino erritmo biziagoa eduki du ,eta ez da zaldirik, erregeen laguntzailerik, izar distiratsurik edota musikaririk izan. Musikarik ez da falta izan ordea, eta furgonetan erregeen etorrera iragartzen duen abestia ozen jarrita agurtu dituzte herritarrak Hiru Errege Magoek. Normalean gurutzatzen ez dituzten kaleetan ibili dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta haien atzetik, agurtzeko irrikitan, herritarrak.
Zumaia
Segurtasun neurriak direla eta, gaurkoan ez da gozokirik izan, Erregeek ezin izan dute haur zein helduengana hurreratu, eta ez da gurtzerik izan Beheko plazan. Hala ere, desfile koloretsua egin dute herrian zehar.
Azken urteotan bezala, itsasontziz heldu dira Zumaiara. Behin lehorrean, karrozetara igo dira, eta desfileari ekin diote: poligonoetan lehenbizi, eta Txomin Agirre kaitik eta Erribera kaletik ondoren. Etorritako bidetik utzi dute Zumaia, baina herrian igarotako denboran txikiei, eta heldu askori, irribarre bat jarri diote ahoetan.
Orio
Zailtasunak zailtasun, Errege Magoak ailegatu dira Oriora. Bidaia luze eta gogorra izan dute aurten ere, baina agindu bezala, errioaren bestaldean azaldu dira, Motondo aldetik etorri eta gero. Zubia gurutzatuta sartu dira herrian, eta herriko plaza aldera jo dute aurrena. Ondoren Bikamioetarainoko bidea egin dute, eta handik Mendibeltz futbol zelai alderaino joan dira. Bukatzeko, Ibai Ondo auzoa ere bisitatu dute.
Izurriaren ondorioz, ez da kiroldegiko ohiko ospakizuna egin, baina Errege Magoek izan dute herritarren igurtzia jasotzeko aukera. Haiei begira, oihuka eta txaloka izan dituzte haurrak ibilbide guztian, eta herriko txikienen artean emozio handia izan da. Gaur gauerako espero duten magia tarteko, bati baino gehiagori kosta egingo zaio loak hartzea.
Aia
Aian ere ohiko desfilea egiteko aukerarik izan ez denez, Elizako zimitorioan elkartu dira haurrak eta erregeak. Banaka-banaka, umeak erregeen aurretik pasatu dira, eta elkarrekin argazkiak egiteko aukera ere izan dute. Plazara hurreratu aurretik, Armendigain aldetik pasatu dira Errege Magoak, konfinatuta dauden haurrei kasu egitera.