Ojektua eta gaia eman, 48 orduz taldeka kamerei eta irudimenari ekin, eta emaitzak partekatu. Zumaiako Torreberri gaztetxeak antolatuta, urterourtero egiten du zenbait zumaiarrek sormen ariketa. Hamargarren aldiz egingo dute aurten.
Lehen edizioan antolatzaileek parte hartzaileei emandako objektua pertxa izan zen, eta ordutik, Urrezko Pertxa saria banatzen dute urtero. Sariak sari, irudimena, sormena eta umorea izan dira garaile urteotan guztiotan. Korto Txapelketaren bueltan ehun ikus-entzunezko inguru sortu dituzte –Torreberri gaztetxearen Youtubeko kanalean ikus daitezke guztiak –.
Hauek dira orain arte proposatu diren gaiak eta objektuak: gezurra eta pertxa, amorrua eta erlojua, metafisika eta oliba, patua eta metxeroa, erabakia eta bonbila, damua eta kateorratza, Flyscha eta fregona, paradisu zinema eta hortzetako eskuila, eta normaltasuna eta urrutiko agintea.
Bigarren urtez jarraian, pandemiak eskatutako beharretara moldatu behar izan dute txapelketa antolatzaileek. Iaz, Aita Mari zineman egin zuten eta entrega egunak emanaldi egunarekin bat egiteko ohitura baztertu zuten, parte hartzaileen lanak wetransfer bidez hamar eguneko aurrerapenarekin jasota.
Gala berezia
Aurten ere ez diote Gabonetako urteroko hitzorduari hutsik egingo. Oraingoan, emanaldia eta entrega eguna bat etorriko dira berriro ere, eta txapelketa Gaztetxera itzuliko da.
Gaur 22:00etan jakinaraziko dituzte film laburren lehiaketako gaia eta objektua, eta bi egunen ondoren, hilaren 7an 22:30ean aurkeztu beharko dituzte lanak parte hartzaileek, Torreberri gaztetxean bertan.
Jarraian, jasotako lanak jendaurrean erakutsiko dituzte. Hamargarren edizioa ospatzeko, emanaldi berezia antolatuko dute, eta dotore jantzita joateko eskatu diete zumaiarrei.
COVID-19aren zabalpena saihesteko, prebentzio neurriak hartuko dituzte: maskara derrigorrezkoa izango da, tarteak zainduko dira, eta ahal dela, film laburren proiekzioa aire librean egingo dutela azaldu dute antolatzaileek.