Zaborra antzezlana Aiara, Getariara, Oriora, Zarautzera eta Zumaiara eramango du Urola Kostako Udal Elkarteak, "ahalik eta modurik ludiko eta dibertigarrienean ingurumen zaintzari buruzko hainbat gai jorratzeko". Helburua "herritarrengan klima aldaketaren eta hondakinen eta beste zenbait problematika eko-sozialen inguruko hausnarketa eragitea da", UKUEk zehaztu duenez. "Modu ludiko batean herritarren kontzientziak astindu eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa landu nahi dira jolas eta abestien bidez", gaineratu du erakundeak.
Katiuska ta Katilu taldearen lanak 45 minutu inguruko iraupena du, eta aurreneko emanaldia gaur bertan izango da, Orion, 18:00etatik aurrera, Kultur Etxean. Asteazkenean, berriz, Getarian eskainiko dute, ordu berean, Iturzaeta aretoan.
Urtarrilean izango dira gainerako hitzorduak: urtarrilaren 3an Aian 18:00etan Probalekuan izango da emanaldia, eta urtarrilaren 8an, berriz, Zarautzen, 17:30etik aurrera Aritzbatalde kiroldegian.
Zumaiako emanaldiaren eguna eta ordua zehazteko daude.