Bizitza duina kapitalaren gainetik lelopean, manifestazioa deitu dute Zumaiako hamabi eragilek: ELA, LAB, ESK, Gure Esku, Zumaiako Mugimendu Feminista, Pentsiodunen mugimendua, Zumaiako Etxebizitza Asanblada, Zumaiako Natur Taldea, Malen Etxea, Ernai, Sortu eta Ikama. Datorren ostiralean jarri dute hitzordua, hilak 17, eta Beheko Plazatik abiatuko da manifestazioa.
Antolatzaileen hitzetan, "bidegurutze batean gaude, datozen hamarkadetako gure herriaren zutabeak jartzeko momentuan". Horregatik, premiazkotzat jotzen dute "norabidea aldatu eta bizi baldintza duinak erdigunean jartzea". Bizitzeko ezinbestekoak ditugun baliabideak nabarmen garestitzen ari direla, sexu erasoak areagotzen ari direla eta gazteak prekaritatera kondenatuta daudela diote, besteak beste.
Guztiak "langileen eta emakumeen bizitzak zapalduz kapitala metatzea" beste helbururik ez duen sistema kapitalista heteropatriarkala abiapuntu duela diote eta ez dutela hori onartuko. Beraz, "eskubideen alde egiteko" helburuarekin, eragileek herritarrak gonbidatu nahi dituzte manifestazioan parte hartu dezaten.