Kulturari lotutako emanaldi andana izango da neguan Zumaian. Udalak gaur iragarri du neguko kultur agenda, ekitaldietan parte hartuko duten kideekin. Neurrietara egokituta bada ere, kultur programazioarekin jarraitzeko asmoa agertu dute, nahiz eta herritarrei adi egoteko eskatu dieten. Izan ere, Labi batzorde teknikoak ezartzen dituen neurrien ondorioz, aldaketak egon daitezke datozen egunetan.
Astindu dantza taldeko kide Mila Bakedano eta Urra Egañak Mamma mia! Gure musikala "emanaldi potoloa" aurkeztu dute. Zumaiako ia ehun parte hartzaile izango dira Aitzuri pilotalekuan jarriko duten taula gainean. Bandarekin eta lau abeslarirekin batera, dantza, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute, hain zuzen ere, abenduaren 18an.
2019an eskainitako Queen ikuskizun arrakastatsuaren ondotik, bi emanaldi eskainiko dituzte, 18:00etan eta 20:00etan. Sarrerak Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira ostiraletik aurrera, zortzi euroren truke –4 euro balioko du 12 urtetik beherako haurren kasuan–.
Haurrek ere izango dute zer gozatua datozen egunetan, aurreko urteetan egin bezala, ipuin kontaketa saioen zikloa izango baita haur liburutegian, Arantxa Eizagirrek azaldutakoaren arabera: abenduaren 16an Panpinak Aitorrentzat, 23an Argi ibili gurekin, eta 29an Sorginak. 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioak izango dira, hurrenez hurren, Maite Frankok, Kontukantoik eta Apikak eskainiko dituztenak, eta 17:30ean hasiko dira guztiak ere. Aldaketarik ezean, ez da aurrez izena eman beharko.
Bestalde, pandemia aurreko Gabonetako ohiko ekitaldiak –Olentzeroren etorrera eta Gabon korua, esaterako– berreskuratzeko asmoa agertu du udalak.
Kantu bat gara kontzerturako sarrerak, gaurtik salgai
Bestelako ekitaldiak ere izango dira neguan Zumaian. Horien artean da Jon Maiak urtarrilaren 7an Zumaienan eskainiko duen kontzertua.
"Kantugintzan egindako ibilbidearen antologia" aurkeztu zuen Maiak joan den azaroaren 12an, eta liburu disko horri lotutako emanaldiak eskaintzeari ekingo dio orain. Donostiako Victoria Eugenian eta Bilboko Arriagan izango diren kontzertuen ondotik dator Zumaiakoa, eta, Maiaren hitzetan, "emanaldi berezia" izango da herrian eskainiko duena.
Maiak gogorarazi nahi izan du duela AGE Zumaiako musika taldeari idatzi ziola lehen abestia, duela 30 urte. "Tomax tabernan idatzi nuen Felipinen historiya, santelmoetan, eskuzapi batean. Omenalditxoa egin nahi izan diot taldeari, eta horrekin hasi dut liburua", dio. Era berean, esker hitzak izan ditu udalarentzat, "egoera honetan kultur emanaldiak antolatzeko egindako ahaleginagatik".
Gaur arratsaldetik izango dira emanaldiko sarrerak salgai, 8 euroan, Turismo Bulegoan. Bi aste barru sarrerak online eskuratzeko aukera ere izango da.
Neguko kultur programazioa
Abendua
1, asteazkena
18:30. Oxford aretoan, hitzaldia: Jakoba Errekondo, Zuhaitzekin bizi.
2, osteguna
19:00. Oxford aretoan, Julene Azpeitia sari banaketa eta Fito Rodriguezen irakurraldi musikatua.
8-12
Klarinete Maratoia.
10, ostirala
20:00. Antzerkia: Tartean konpainiaren Ez dok ero.
16 , osteguna
17:30. Haur liburutegian, ipuin kontaketa Maite Frankoren eskutik: Panpinak Aitorrentzat.
17, ostirala
18:30. Oxford aretoan liburu Aurkezpena: La Cocina del Sr. Aranguren (y su “pintxe” Gorka)
20:00. Parrokian Gabonetako antzezlana.
18, larunbata
18:00 eta 20:00. Aitzurin, MAMMA MIA! GURE MUSIKALA ikuskizuna.
19, igandea
12:00. Aita Marin haurrentzat Landarbasoren Zirku Musikala.
23, osteguna
17:30. Haur liburutegian, ipuin kontaketa Kontukantoiren eskutik: Argi ibili gurekin.
24, ostirala
Gabon ekitaldiak
Eguerdia bitartean, Niño Jesusen Eskean.
12:00. Odietan hasita Olentzero eta Gomezagorekin kantuan.
17:30. Gabon Koruaren saioa kalez kale.
18:00. Eusebio Gurrutxaga plazan Jaiotza ikuskizuna.
26, igandea
17:30. Aitzurin Zesta Punta profesional jaialdia.
26 eta 27an
19:00. Aita Mari aretoan, Turandot operaren proiekzioa.
27, astelehena
17:00. Oxford aretoan Gabonetako Xake Txapelketa.
29, asteazkena
17:30. Haur liburutegian ipuin kontaketa Apikaren eskutik: Sorginak.
19:00. Zumaienan antzerki musikala: Kutsidazu bidea Ixabel.
31, ostirala
12:00 San Silvestre lasterketa.
Urtarrila
3, astelehena
10:00 eta 15:00. Oxford aretoan Kimikarin zientzia ginkana (6-12 urte).
4, asteartea
18:00. Eusebio Gurrutxaga plazan Errege Magoentzat eskutitzak jasotzea.
5, asteazkena
18:30. Errege kabalgata.
7, ostirala
20:00. Zumaienan Jon Maiaren kontzertua: Kantu bat gara.
9, igandea
12:00. Aita Marin haur antzerkia: Perez Sagutxoa.
13, osteguna
19:00. Aita Marin zine forum saioa.
16, igandea
11:00. Txakur krosa.
20, osteguna
19:00. Oxford aretoan hitzaldia, Ismael Manterolaren eskutik: Emakumeak abstraktugile.
27, Osteguna
19:00. Aita Marin zine forum saioa.
28, ostirala
20:00. Aita Marin antzerkia: Formol konpainiaren Album.